Komunikabideak kudeatzen ditugunok badakigu zer indar hartu duen digitalak. Urrutira joan gabe, Baleike-n bertan bizi izan dugu aldaketa. Datu bakar bat emango dizuet zertaz ari garen jabetzeko: duela hiru urte, 2015ean, 27.000 bisita izan zituen baleike.eus webguneak apirilean; 2018ko apirilean, berriz, 105.000 izan dira. Imajinatu ere ezin genuen egin halako gorakada. Oso denbora gutxian, gailu mugikorrei esker, ikaragarri hazi da informazioaren kontsumoa Interneten, eta bide horrek ez du etenik. Gorantz jarraituko du.
Eta hori guztia esan eta gero, prentsa idatziarentzat hain panorama beltza marraztu eta gero, hemen gatoz gu, Baleike aldizkari berritua aurkeztera. Burutik jota ote gaude? Akaso bai... Baleike aldizkariak 25 urte beteko ditu datorren urtean, eta lehen zenbaki haiek hartu besterik ez dago nola aldatu den –eta zenbat zahartu garen!– ikusteko. Aldaketa handiena, baina, 2007an egin genion. Ordurako ohartu ginen Internet izango zela eguneroko informazioa zabaltzeko kanal nagusia eta paperak bere leku propioa behar zuela: erreportaje landuagoak, elkarrizketak... Eta ohartu gara paperak balio duela, eguneroko gurpil zorotik ihes egiteko, arnasa hartzeko, gogoeta egiteko, lasai irakurtzeko... Wifirik gabe mundua ez dela amaitzen jabetzeko.
Horregatik, irakurle, hemen daukazu Baleike aldizkari berritua. Esku artean hartzean ohartuko zara itxuraldatuta datorrela. Tamainaz txikiagoa da –erosoagoa delakoan–, baina ondo gizenduta dator, 16 orrialde gehiagorekin –48 orrialde ditu orain–. Aurreko aldizkariak bezala, honek ere elkarrizketak eta erreportajeak eskainiko dizkizu, baina osatu eta jantzi egin nahi izan dugu, iritziekin, atal finkoekin, irudiekin... Aldizkaria egiteko modua ere aldatu egin dugu, edizio sistema aurreratuagoa eskuratu ahal izan dugulako Tokikomeko beste 16 hedabiderekin batera. Indarrak batzearen abantailak. Beraz, zer esango dizuet, bada? Hor zaudeten bitartean, gora papera!