"Nik hau kontatuko det"

Erabiltzailearen aurpegia Gorka Zabaleta 2018ko eka. 1a, 09:55

Gure gatazka honetan gertatzen dena ulertu nahi duenak zabaldu egin behar du begirada. Izan behar du gogoan zeinen erraz bilakatzen dugun arerioa etsai, desberdin pentsatzen duena gizakalte. Aise aurkitzen dugu jokaera hori bazter askotan. Bi traineru dituen herrian, bi ikastola dituen udalerrian edo zaborrarekin egin behar denari buruz iritzi desberdinak dituztenen artean".

"Batzuentzat, bizitzaren arrazoia lehengoari eustea da. Betikoa esaten dute, txikitan ezagututakoa esan beharrean. Lehen pentsatzen nuena pentsatzen dut gaur. Gurasoek irakatsitakoa izango da nire legea eta ondorengoei irakatsiko diedana. Zer ikasi dute bidean? Hasierako hark arrazoi zuela, arrazoi guztia, gainera, gainerakoontzat izpirik utzi gabe".

"Urtetan pentsatu izan dut tolerantzia ezer gutxi dela, balio eskaseko balorea. Toleratzen duena bestearen gainetik jartzen dela, nagusitasuna adierazten duela toleratuarekiko. Pentsatzen nuen gutxienez enpatia jarri behar dela tolerantziaren lekuan. Desberdintasuna ospatu egin behar dela, bestearen arrazoiak kontuan izan behar zirela, bestearengan bilatu behar dugula geuri falta zaiguna".

"Askoren aburuz, biktimarik dotoreena isilena da, indiorik onena hildakoa den bezalaxe. Jasan duena kontatzen tematzen bada, norbaitek berehala esango du biktimismoa dela jokaera horren izena. Okerrago ere izan daiteke. Erasoa sufritu duen norbaiti esango dio norbaitek (edo, gutxienez, pentsatuko du, isilean) zerbait egingo zuela, emakume bortxatuari gona motzegia eramatea leporatzen zaion bezala. Zeren, onartzen baduzu pertsona hori zerbaiten edo norbaiten biktima dela, kaltegilea zugandik urruti egonda ere, onarpen horrek zuri zerbait egitea eskatuko baitizu, biktimaren alde edo biktimagilearen kontra".

1996ko irailaren 8an Hondarribiko alardean parte hartzen saiatu zen Arantxa Urretabizkaia, beste 25 emakumerekin batera. "Eztanda atomiko" baten modura deskribatzen duen une haren ondotik, 20tik gora urtez luzatu den borroka etorri da, eta, harekin batera, bazterkeria, irainak, erasoak eta beldurra. "Nik hau kontatuko det", esaten omen zion bere buruari, eta, azkenean, 2016an argitaratu zuen Bidean ikasia liburuan. Zumaiako Irakurle Taldeak idazlearekin antolatutako berriketaldiari esker izan dut bere azalpenak eta bizipenak lehen eskutik ezagutzeko aukera. Ardotik koñaka bezala, bizipen gordinetatik hainbat gogoeta destilatu ditu Urretabizkaiak liburuan. Haietako batzuk dira hona gora ekarritakoak. Koñaka gustuko duzuenontzat.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide