Aitortuko dizuet pelikulak ikusten hasi eta ezin izan nituela begiak pantailatik kendu bukatu arte. Ia hiru orduz eduki ninduten Victor Zubizarretaren irudiek erabat harrapatuta. Interneten garaiotan, minutu batez ikuslearen arretari eustea miraria omen da...
Zer dute, orduan, pelikula horiek, ni –eta zumaiar asko– horrela harrapatzeko? Zer, hiru orduz pantailari begira egoteko? Gure iragana, izan garena. Gu geu. "Gure Cuéntame dek hori!", esan du lankide batek. Horixe. 1980ko hamarkadako Turbo Deun haren garaipenak ia mitikoak bihurtu dira zumaiarron oroimenean, eta gauza ederra da orduan zumaiar batek kamera hartu eta une historiko haiek grabatzeko lana hartu izana.
Lehen pelikula laburpen moduko bat da; bigarrenean, 1987koan, xehetasun txikiena ere dokumentatzeko intentzio nabarmena sumatzen zaio Zubizarretari. Dena grabatu zuen: goizean goiz itsasoa nola zegoen grabatu, Moilako giroa, trainerua prestatzen, jendea tren estazioan, Donostiako giroa, estropadako irudiak, irabazi ondorengo arranplako festa, Jesuskoa jatetxean egindako bazkaria eta ospakizuna, Zumaian egindako errezibimendua, Udaletxeko harrera, Olalde eta Egaña bertsolariak gazte-gazte, Kastor Agirrezabalaga alkatearen hitzak, banderen bedeinkapena handik hilabetera (Udaletxetik irten eta San Telmoraino), Don Joseren sermoia, banderen erakusketa, Mikel Olazabal Goiko elkarrizketatzen (hor segitzen dute biek!)... Den-dena.
Victor Zubizarretaren irudietan orduko Zumaia eta zumaiarrak ageri dira. Haurtzaroan eta nerabezaroan bizi izan nuen Zumaia da pelikula horietan ikusi dudana eta oroimenean ia galdutako irudiak berritu dizkit. Horrek harrapatu nau. Nola aldatu den herria (lehen pelikulatik bigarrenera ere bai!) eta nola aldatu garen zumaiarrak.
Seguru nago horrelako pelikula gehiago badaudela herrian. Victorrek berak badauzka; eta ezagutzen ditugu, Victorrek bezala, herriko gertakizunak grabatzeko afizioa izan duten eta duten zumaiarrak. Material zoragarria dago, beraz, etxeetan gordeta. Hona nire proposamena, entzun nahi duenari: pelikula horien kopiak egin, behar bezala artxibatu, irudiak ikertu, edukiz osatu eta ezagutzera ematea.