Errekazulorantz

Erabiltzailearen aurpegia Gorka Zabaleta 2019ko urt. 1a, 18:45

Oraindik ez duzu sinesten. Ez duzu ulertzen nola gertatu den. "Asteburua primeran zihoan, ba!”. Interneten hain puntuazio altua zeukan jatetxe hura ez zaizue hain ona iruditu, baina, gainontzean, ahizpak aholkatutako txoko guztiak ezagutzeko denbora eman dizue, jende jatorra egokitu zaizue, Madrilen ez daukazuen aire garbia arnastu duzue... "Baina, hau? Zer gertatu da?", galdetzen diozu, behin eta berriz, zeure buruari. "Kotxea hartu baino lehen, mugikorrean Google Mapsi galdetu diogu: 'Algorri', eta ederki markatu digu, ba, bidea...".

Goizean goiz bapo gosalduta abiatu zarete, zeu txofer eta bikotekidea uneoro mugikorrari begira, Googlek mapan markatutako arrasto urdina ez galtzeko. Pasa zarete Arritokieta ondotik, iritsi zarete Santa Klarako bidegurutzera, "Hemen ez da, segi errepidean aurrera"; Agerre ezkerrean utzi duzue, "Erne, bertan gaude eta!". Iritsi zarete azkenean bidegurutzera. Gurdibide bat da. Kotxea gelditu duzu une batez. "Hemendik?"; "Bai, hala jartzen du"; "Baina..."; "Ikusi mapan, hala markatzen du". "Tira, hala jartzen badu", pentsatu duzu. Kotxea errepide bazterrean uzteko tarte bat badago, eta bidea oinez jarritu; baina, zer demontre, ez duzue alferrik ekarri noranahiko itxura duen SUV estiloko kotxe berria. "Goazen, ba!".

Abiatu zarete, bigarren martxa sartuta, tentuz baina konfiantza osoarekin, laster Algorriko labarra ikusteko ilusioarekin. Segituan, bihurgunea eskuinaldera. Ikuspegia zabaldu egin da. Aurrean itsasoa ikusten da labar artean; behean, errekazuloa. "Ondo al goaz?", galdetu diozu aldamenekoari; "Bai, hala markatzen du, marra urdinaren gainetik goaz". "Aurrera, ba". Bidea estutu egin da, maldan behera hasi zarete, eta orduan komeriak. Jabetu zarete akatsaz. Saiatu zara tranpa hartatik ateratzen, baina konturatzerako kotxea bidetik irten eta zelaian sartu zara. Malda handia dago eta kotxea ezin dominatu zabiltza. Bazoazte belardian behera, errekazulorantz, kotxeak zerbaitekin tupust egin eta gelditu den arte. Minik ez duzue hartu, zorionez.

Laguntza eske deika hasi zaretenerako, han azaldu zaizkizue inguruko baserritarrak, traktore batekin. Di-da batean atera dute kotxea, bidegurutzeraino. Errieta pixka bat egin dizuete, eta kexu agertu dira, ez zareteleko lehenak: "Dagokionak zerbait egin beharko du, seinaleren bat jarri edo Googleri abisatu, hau ez da-eta kotxeentzako bidea". Onik zaudetela ikusita, beraien zereginetara alde egin dute. Laguna kotxean sartu da. Zeu bidegurutzeari begira gelditu zara. Eta oraindik ez duzu sinesten. Ezin duzu ulertu nola gertatu den. "Ez dago bidea mozten duen seinalerik, Googlek hemendik ekarri gaitu... Baina nora begira geunden!".

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide