Hiru olatu

Erabiltzailearen aurpegia Gorka Zabaleta 2019ko api. 1a, 10:26

Getariatik Zarautzera paseatzen, kostaldeko bulebarrean. Uda giro, neguaren hondarrean; manga motzaren tentazioari amore emanda goaz, bizi-bizi. Ezkerrean, kotxeen joan-etorri etengabearen burrunba; eskuinean, itsasoko baga garbien ikuskizuna. Iritsi gara Beobidek euskal arrantzaleei eskainitako eskulturaren parera: baporerik ez da bistan, baina zeruertzean du begirada iltzatuta Bixente Tximo-k; Grande America-ren galipota sumatu du, akaso. "Euskal Herrian klima aldaketa gertatzen ari da", bota du patinete gainean atzera eta aurrera dabilen bederatzi urteko semeak. Harri eta zur utzi nau, ustez gogoan Zarautzen jango duen izozkia baino ez duen horrek. "Eta zer da klima aldaketa?", galdetu diot, hari muturrak soka luzeagorik ba ote duen jakin nahian. "Itsasora ez dela plastikorik bota behar eta kotxea gutxiago erabili behar dela". To. Hortxe daukak puntua, aita.

Ez dakit zehazki zenbat urte izango nituen, 12 edo 13 akaso, baina oso gogoan daukat komiki hark nola harrapatu ninduen erabat. A mi madre la mar zuen izenburua, Greenpeacek argitaratua. Grabatuta gelditu zaizkit liburu hartako irudi gordinak. Balea eta itsas-txakurren sarraskiak, itsaso eta airearen kutsadura eta arrisku nuklearra ziren gai zentralak. Telebistan tarteka ikusten genituen Rainbow Warrior ontziko aktibista haiek gomazko lantxetan baleontziei oldartzen. Heroi bihurtu ziren gutako askorentzat. Ingurumena zaindu beharraren nolabaiteko kontzientzia piztu ziguten; gero, gehienok behar baino gutxiago egin dugu gure etxe inguruan natura defenditzeko beharra izan denean.

Baina badator olatualdi berri bat. Hamabost urteko ikasle suediar Greta Thunbergek ostiralero greba egitea erabaki zuen iaz, klima aldaketa salatzeko. Gaztaroko egoskorkeria baino ez zela pentsatu zuten orduan gurasoek, irakasleek eta lagun gehienek, baina Europako gazteak kalera atera dituen mugimendu bilakatu da Gretaren ekina hilabete gutxiren buruan. Eta iritsi da Euskal Herrira ere. Azken urteotan pentsio duinen aldeko aldarriaren eta borroka feministaren agertoki mediatiko bihurtu den Bilboko udaletxe aurreko plazan ikusi ditugu gazteak Oteizaren arrautz itxurako eskulturaren bueltan elkartuta, haiek ere, jubilatuak eta emakumeak bezala, justizia soziala eta etorkizun duina erreklamatzen, finean. Taupada bereko hiru olatu. Denok aintzat hartuko gaituen mundu berri bat, edo akabo.

Oinetakoak erantzi eta hankak busti ditugu Zarauzko hondartzara iritsi orduko. Eguzkitan eseri gara gero, izozki bana eskuan hartuta. Kafe zaporeko krema miazkatzen dudan galdera etorri zait burura: zer leku izango ote duten hiru olatuek gainean dauzkagun hauteskunde kanpainetan. Jan dezadan izozkia, urtu baino lehen.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide