Izurrite handi honek oharkabean harrapatu gaitu, munduaren orakulua poltsikoan daramagun arren. Bitxia da gure portaera: urrutitik ikus dezakegu olatua, nola gerturatzen den hondartzara, nola harrotzen eta lehertzen den gure muturren parean, nola harrapatzen dituen urertzetik gertuago daudenak, baina ez gara kapaz toallatik garaiz altxatzeko. Bizitza pantaila batean gertatzen den telesail, bideo joko edo txio lerro bat baino ez da guretzat; aspertzen garenean, galtzen dugunean edo ikusten duguna gustatzen ez zaigunean, itzal daitekeen pantaila. Eta horrela bukatzen dugu, behin eta berriro, olatuak harrapatuta.
Gripe arin bat baino ez omen zen, eta mundua hankaz gora jarri digu koroadun birusak. Kalean, tabernetan, lantokian, mendian edota hondartzetan zoriontsu ginen egunak gogoratzen ditugu eta beste mende bateko kontuez ari garela sentitzen dugu. Bizimodu irreal batez. Gaur gure egunerokoa askoz gordinagoa da: gaitzaren kontagailua gora eta gora, bakardadean hildako aitona-amonak, eman ezin ditugun besarkadak eta musuak, lanpostuak kolokan. Etorkizun beltza.
Baina, gure akats eta ezin guztiekin, badaukagu bertute bat: txarrenean onena emateko gai gara. Onena ari dira ematen osasun arloko langileak eta gure aitona-amonak zaintzen dituztenak, nahikoa baliabide ez duten arren; onena, egunero jatekoa ziurtatzen diguten ekoizle, banatzaile eta dendariak, gaitza harrapatzeko hartzen duten arriskuaren gainetik; onena, gure umeak, dagoenarekin konformatzeko erakutsi duten malgutasunagatik; onena, herritar guztiok, egoeraren larriaz jabetuta, ardura ariketa kolektibo bikaina ari garelako egiten etxealdia errespetatuz. Eta iluntzeko txalo zaparradak, kazeroladak, auzokoekin egindako kantu saioak, ixolamendu bertsoak, elkartasun ekimenak, laguntza sareak. Balkoitik balkoirako berriketaldiak berreskuratu ditugu.
Oraindik olatuaren menpe gaude, zilipurdika, arnasa estututa, hondoa eta ur azala bereizi ezin, astinaldia noiz amaituko zain. Badakigu, baina, halako batean, olatuak indarra galdu eta desegingo dela. Horixe da orain gure helmuga. Ondoren etorriko da zauriak sendatzeko eta minak gainditzeko momentua. Baina, erne, ez dezagun ahaztu gertatutakoa. Hau ez da amesgaizto bat, ez da beldurrezko pelikula bat. Gertatzen ari zaiguna erreala da, egiazkoa, benetakoa.
Izan ere, ataka zailenetatik ateratzeko gai gara, baina, lepoa salbu ikusi orduko, ihes egiten dugu aurrerantz, ziztu bizian, atzera eta alboetara begiratu gabe. Maldan behera galgarik gabe doan gurpil zoro bat jarri dugu martxan, eta hor konpon bide bazterrera erortzen direnak. Noiz arte? Gurpila lehertu arte? Zulo beltz honetatik aterako gara; gogora ditzagun orduan txalo zaparrada kolektiboak, auzokoekin egindako bertso eta kantu saioak, balkoitik balkoirako berriketaldiak. Denok elkarrekin edo inor ez; bakarrik ez dago aukerarik. Esperantzara kondenatuta gaude.