Aitortuko dizuet ia hilabete egin dutela argazkiek kamerako txartelean, ordenagailura deskargatu gabe. Adituen aholkuak irakurriak nituen baina, halako ariketarik inoiz egin gabe, sumatzen nuen sekulako lanak emango zizkidala ordenagailuko edizioak. Baina nire ezustekorako, Photoshopek asko erraztu dizkit egin beharrekoak. Argazkia zer den eta nola egin dudan ulertzeko:
—Lehenik eta behin, eklipsea zeruko zer eremutan gertatuko zen jakin behar zen. Horretarako ez da astronomian aditu izan behar, informazio guztia eskura dago Interneten. Behin hori jakinda, leku egokia aukeratu behar nuen, eklipsea paisaia batekin konbinatzeko. Nik mila buelta eman nituen bezperatan paisaia "berezi" baten bila eta, ikusi dezue, azkenean, herriko postal tipikoenarekin geratu nintzen. Azken finean, eklipsea bizitzan behin ikusiko badegu, ba, azal dadila San Telmo ermita!
—Ondoren, materiala prestatu: kamera, objetiboa, objetiborako filtroa, tripodea eta interbalometroa. Filtroarekin, kamera babesteaz gain, eguzkiaren silueta ondo markatuta ikustea lortzen da, eklipsearen faseak irudikatzeko; tripodea ezinbestekoa da, prozesu osoan enkuadrea ez aldatzeko, sekuentzia zehatz jaso eta paisaia ere dagokion lekuan egon dadin; eta interbalometroa, kamerak argazkiak automatikoki ateratzeko: neuk minutuero ateratzeko konfiguratu nuen, eta botaldi bakoitzean hiru argazki, esposizio maila ezberdinekin (gero egokiena aukeratzeko).
—Eklipsearen hasierarako dena muntatuta neukan, enkuadrea aukeratuta, eta kamera lanean jarri nuen. Bitartean, San Telmo gainean bildutako dozanaka lagunek eklipserako betaurrekoak jantzi eta unibertsoak eskainitako ikuskizunaz gozatu genuen.
—Banekien eklipsearen amaiera ez genuela ikusiko, eguzkia Otoio mendiaren atzean eskuratuko zela bere osotasuna berreskuratu aurretik. Filtroa kendu eta kamera mugitu gabe, paisaiaren argazkia atera nuen, fondo bezala erabiltzeko. Zeruertzetik gertuen dagoen eguzkia argazki horretakoa da, filtrorik gabekoa.
—Azken minutua erabili nuen kamerari objetiboa aldatu, filtroa kendu eta eguzkia gertuagotik harrapatzeko. Ilunabarretako argazki asko dauzkat nire artxiboan eguzki boribilarekin, eta ez nuen aukera galdu nahi eklipsearekin ere ilunabarra erretratatzeko.
-Argazki piloa aterata, baina emaitzarekin batere konfiantzarik ez, bazter batean egon da txartela, nire buruari esan diodan arte "hilabete joan duk eta buka ezak hasitakoa, kale edo bale".
-Pasa nituen argazkiak ordenagailura. Dozenaka argazki beltz, argi puntu txiki banarekin. Argi puntuak handitu eta hara non agertu zen eguzkiaren silueta, aurrena osorik, gero mehetzen, ia erabat desagertu arte eta berriro loditzen. Eta sorpresa, kolorean ere bilakaera: hasieran zuri, gero horitzen, laranjatik pasa eta amaierako gorriraino. Lainoen arrastoa lausoa ere nabari daiteke irudi batzuetan. Emaitza ez zen perfektua, baina materiala banuen ariketa amaitzeko lain.
—Azken emaitza ulertzeko: argazkiak bi zati dauzka. Alde batetik, paisaiaren argazkia, marko edo fondo bezala. Bestetik, eguzki eklipsearen faseak. Dena fusionatzeko nik Photoshop erabili nuen. Beraz, irudi bakarrean ikusten duzuena dozenaka argazki dira berez. Hori bai, kamerak koadro berbera mantendu zuen prozesu osoan, jasotako emaitza zehatza izan zedin: San Telmotik ikusita, eklipseak bide hori egin zuen.

