-Nola dek abesti hori: “la vida es una tómbola, ton-ton, tómbola...”.
-Ta?
-Ba guk “la vida es un tango, tan-tan, tango” egin behar diagu.
-Zer dek hori?
-Eginoko bide berri bat. Doña Eusebia horman zegok, eta Gorrotxategik eta zabaldu ziaten iaz.
Eta halaxe, otsailaren 12an bide hori egitea erabaki genuen. Mutua ere apuntatu zen.
Beraz, hiru lagun, Peloiaren bi pitarekin (soka finak).
Pita horiek hamar urte bete dituzte, eta pentsatu beharko du Peloiak berriak erosi beharko dituela.
Joan ginen autoan Lezeko aparkalekura, eta abiatu ginen bidean gora. Putre piloa zebilen han, bide ondoan. After ederra zeukaten han prestatuta. Jan festaren bat edo...
Monolitoetara iritsi, eta laugarren eta bosgarren monolitoaren artetik harritzan gora hasi ginen. Ez zen giro: pauso bat aurrera, bi metro behera, pauso bat aurrera, beste metro bat atzera...
Halako batean, behintzat, iritsi ginen bidea hasten den lekura. Entzutekoak ziren Peloiaren eta Mutuaren purrustak.
-Ona izan beharko dik bideak, bai. Ni ez nator gehiago hona goraino!
Altuera dezente irabazten da ordurako.
Hainbeste kexa eta marmar entzunda, pentsatu nuen ondo egongo zela bakoitzari bi luze aurretik egiten uztea, ea pixka bat goxatzen ziren.
Peloia hasi zen, ohitura zaharrari jarraituz.
Fin-fin igo zuen luzea, eta Mutua eta biok abiatu ginen ondoren, ordena horretan.
Bilgunean, ezkerrera trabesia bat egin eta bigarren luzeari ekin zion Mutuak, aurrez Peloiak baimena emanda.
Ederra da oso bigarren luze hori. Hala ere, eguraldia nahiko hotz zegoen eta behatzek pixka bat sufritzen zuten.
Atzetik Peloia abiatu zen, eta gero, ni neu.
Esan behar da Mutuak eta Peloiak luze horretan asko sufritu zutela, eta ez dakit librean egitea lortu zuten ere. Ez nuke apusturik egingo.
Nik, berriz, estilo ezin hobearekin eskalatu nuen luzea.
Hirugarren luzea ere Mutuak egin zuen aurretik. Hirugarrena bigarrena baino pixka bat errazagoa da, eta finago ibili ziren biak.
Hemen Peloia bigarren bilgunean (ez aseguratu eta ez argazkirik atera), eta Mutua hirugarren luzean sartuta.
Mutuak abisua eman zuenean, hirugarren bideari ekin genion. Ni azkena, beti bezala, besteek utzitako materiala jasotzen. Aseguratu, materiala jaso, argazkiak atera, kronika idatzi... eta bidea librean egin! Bakarrik ere moldatuko nintzateke. Hauek ez didate batere laguntzen.
Peloia hirugarren luzean.
Laugarren luzerako, berriro ere sokaburua aldatu genuen. Nik gustura egingo nuen, baina ezin izan nion ezezkorik esan Peloiari.
Han joan zen.
Eta atzetik Mutua.
Eta horrela, tontorrera iritsi ginen.
Gure sokaburu parea, gustura.
Poliki-poliki, trasteak jaso eta Lezetik Olano mendira joateko bidetik jaitsi ginen.
Gortu!