Ioritzekin Labarganetan

Erabiltzailearen aurpegia gortu 2022ko api. 9a, 08:20

Honezkero jakingo duzue Labarganeta Atxarten dagoela, Urkiolatik hurbil, Untzillaitz mendiaren hegoaldean. Hormaz josita dago mendi hori, eta ez hegoaldean bakarrik.

Martxoaren 25ean, ostiral arratsalde batean, hara abiatu ginen Peloia, Ioritz eta hirurok.

-Berriz ere Labarganetara? -Larregik.

-Txarra al da? Eskalatzera joan ezkero, ondo baino hobeto.

-Eginotik eta Labarganetatik ez zarete ateratzen!

-Eta ea ez garen luzaroan ateratzen!

Halaxe, ostiral arratsalde hartan Labarganetara heldu ginen, autoa Gatzaieta baserriaren ondoko parkinean utzita.

Giro zegoen eta sektore osoa guretzat. Bakar-bakarrik egon ginen.

-Berotzeko, 5c berri hori egingo diagu -Peloiak.

-Nola dek, Txiri txiri?

-Bai. Ni hasiko nauk, ohitura zaharrari jarraituz -Peloiak.

Egin zuen bidea, gorputza berotzeko eta eskaladara pixka bat ohitzeko. Atzetik, Ioritz abiatu zen, eta inolako arazorik gabe egin zuen hark ere. Azkenik, ni, espresak jasotzen, beti bezala.

Jaitsi orduko galdera bota nion Ioritzi:

-Hi ze urtetakua haiz?

-2000kua.

-Orduan, ba ziok hor bide bat hiretzako aproposa: Efecto 2000.

Peloiari ez zitzaion gustatu proposamena.

-Efecto 2000? Horrek ze grado zikak?

-6a+

-6a+? Hobe diagu 6a bat egin aurrena, ezta?

Normalean ez diot kontra egiten Peloiari, baina egun hartan ausartu nintzen:

-6a ni hostias! Txabalitua 2000kua badek, bide hori egin beharko dik!

Eta Ioritz ere konforme zegoenez, eskalatzeari ekin zion Peloiak.

Hasiera ez da oso zaila. Pixka bat gorago, helduleku onak utzi eta plaka fin batean sartu behar da. Eta izugarrizko pereza ematen du. Baina ondo samar sartu zen Peloia, eta han hasi zen gorantz joaten.

-Ondo, Peloia! Ia eginda daukak! -animatzen nion nik.

Baina bazuen nahiko lan mutilak.

-Egon hadi ixilik! -bota zidan.

Eta Ioritzek barre. Zer egingo zuen, bada?

Jaitsi zenean Ioritzek ekin zion bideari. Hura ere animatu nuen hasi baino lehen:

-Katu hanka horiekin bidea egiten badek, 6c izango dek!

Izan ere, ikustekoa zen haren katu hanken egoera.

Baina ederki moldatu zen, eta hura ere gorantz ttarraka-ttarraka.

Ioritz jaitsi zenean, nire txanda. Ni ere erraz iritsi nintzen plaka finaren hasierara.

Lehen pausoa ondo samar egin nuen, bigarrena ere bai, baina hirugarrena ez nuen ikusten, eta zintzilikatu egin nintzen, atseden hartzeko. Beste saio bat, eta berdin. Baina hirugarrenean, fede pixka batekin, pausoan sartu eta gainditu nuen.

Peloia moskeatuta:

-Hi ez haiz rokodromoa juten, ia ehun kilo haiz eta hala ere librian pasa haiz? Nola laike?

-Rokodromuan ez ziok plakarik, motel! Paretian ibili beharra ziok.

Eta halaxe, harrokeria alde batera utzita, ezkerraldera jo genuen, Chorreton bidearen hasierara. Askotan egin dugun bidea da, 6a zailtasunekoa. Eta merezi du.

Peloiak egin zuen lehenik.

Gero, Ioritzek.

Eta azkenik, nik.

Zuzenean, trasteak jaso, eta Gatzaieta baserriaren ondoko parkinera abiatu ginen. Autoa hartu, eta Zumaiara, merezitako garagardoa hartzera. Ea hurrengo batean ere animatzen den mutila!

Ioritz gabe

Esaten digu Larregik ez garela Labarganetatik ateratzen. Eta ez du arrazoirik falta. Izan ere, hurrengo egunean, martxoaren 26an, berriro joan ginen Labargenatara Peloia eta biok.

Baina, aurrez, martxoaren 12an ere bertan izan ginen. Baita martxoaren 19an ere.

Martxoaren 12an, suabe-suabe ibili ginen. Lehenik eta behin Ilunbe (5a, 25m) bidea egin genuen. Gero, Ponte el casquio (5c, 30m).

Eta ondoren, bide berri bat zegoela ohartu ginen.

-Kimiko horiek berriak dituk, ezta?

-Bai. Eta itxura ona zeukak bideak. Probatuko al diagu?

Eta han abiatu zen Peloia artean ezagutzen ez genuen bide hartara.

Ederki egin zuen. Hurrengo egunean, Interneten begiratu ondoren, bidearen izena Txiri txiri dela eta 5c mailakoa dela esan zidan.

Nik ere egin ondoren, haren ezkerreko bideari ekin genion: Xirimiri (6a+/b).

Ez gara gu Decotatodo-koak preseski, baina bide horren gradua baxuagoa dela esango genuke.

Eta poz-pozik, Zumaiara buelta.

Martxoak 19an ere han ginen, beste behin ere. Baina sekulako hotza egiten zuen. Txiri txiri bidea egin, kafe bero bana hartu, eta atodaletxe autora itzuli ginen. Patagonia zirudien! Berotu, eskalatu eta hoztu bide berean egin genituen.

Azkenik, Martxoaren 26an, han ginen goizean goiz.

Hasteko, berotze aldera, Ilunbe (5a, 25m) egin genuen. Bi tipo azaldu ziren, bidea amaitu bezain pronto.

-Hara! Gaur ez gatxaudek bakarrik!

-Bai, gaizki ohitu gaituk.

Ondoren, beste lau lagun ere iritsi ziren.

Gero, erronka bota nion Peloiari:

-Orain hau egin behar diagu, JO.TA.KE. Gogor-gogorra duk!

-Ze grado?

-6a -erantzun nion.

-Hori ez zeukau eginda -Peloiak.

-Horixe baietz! Interneten begira ari nintzela, hire argazki bat ikusi nian bide horretan ateratakua. Nahi badek nik egingo diat aurrena.

-Ez, ez. Jungo nauk ni.

Eta abiatu zen. Gortu blogean, Gazteak Labarganetan izeneko sarreran begiratzea nahikoa da, lehen ere bidea eginda geneukala ikusteko. Peloiak garagardoa zor.

Bilgunera iritsi baino pixka bat lehenago, pauso kuriosoa dauka bide horrek. Organo-tutu bat eskuinean, eta zulo bat pitzadura fin batean, ezkerreko oinarentzat. Organo-tutuari eskuinearekin heldu, hanka ere bertan sartu eta kontu handiz egin beharreko pausoa da, baina, behin eginda, aho-zapore ezin hobea utzi zidan. Peloiak esan zidan ez zuela hanka organo-tutuan jarri. Sobrauta mutila!

Handik, Por allí sopla ballena (6a, 28m) bidera joan ginen.

Peloia eskalatzen hasi zenean, bikote bat azaldu zen, motxila galantarekin. Eta gero beste hiru mutil. Bakarrik egotetik auzoko jaietara pasatu ginela zirudien.

Azkenik, hozteko (Mutuari ikasitako hitz teknikoa, guk ez baikenekien berotzen den moduan hoztu ere egin behar dela), Txiri txiri bidea egin, eta txistua jotzen beherantz abiatu ginen, pozez beteta.

Eta bueltatuko gara, berriro ere, Labarganetara. Kukua entzutea ere falta zaigu eta oraindik.

Gortu!

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide