Leitzarango Via Ferrata

Erabiltzailearen aurpegia Gortu bloga 2026ko ekainaren 25a

Leitzarango Ferrata Bidean. (Gortu)

Gortuko lagunek Leitzarangako Via Ferratan egindako irteerako kronika da honakoa.

-Hi! Via ferratarako zozketa tokatu zaidak! Joango al gaituk larunbatian? 

-Via ferrata? Zer dek hori? 

-Latiña, motel, latiña. Guain latiñez ikasten hasi biharko dek Txirrita zaharra bezela. 

Larogei urte gaiñean ditut, 

nago anketako miñez, 

Donostia'ra etorria naiz 

erren aundia egiñez; 

bi bastoirekin txit larri nabil 

pausorik eman eziñez, 

euskera ia aztu zait eta 

erderarikan jakiñ ez, 

maixu batekin eskolan laxter 

asi bear det latiñez». 

-Latiña dek, eta uste diat burdinazko bidea esan nahi duela. 

-A! Trenbidia? 

-Bai, trenbidia bezela, baina bertikala. 

Aurreko larunbatean, ekainaren 20an, Leitzarango Ferrata egitera joan ginen Peloia eta biok. Sargori zegoen, eta izerdi ederrak bota nituen, baina ez zailtasunagatik, forma fisiko ezin hobeagatik bazik. 

Aspaldian eskalatzera eraman ez nauenez, neuk gonbidatu behar izan nuen Ferrata egitera. 

Ez da eskalada, baina ilusioa pizteko balio du. 

-Hurrengo larunbatian Aiako Harrita! 

-Hik ez dek ulertu nahi arnesa ez zaidala kabitzen. Aurrena dozena bat kilo kendu behar dizkiat gainetik. Ezagutzen al dek behar dituen baten bat? 

Hamarretan geneukan hitzordua, baina bederatzi eta erdietarako Leitzaranen geunden. Gero entzun beharko ditugu “golmaiotarrak beti berandu” eta horrelakoak. 

Hamarretan zabaldu zuten Bisitarien Etxea, atean egun on esan eta berehala agertu zen Ibai ere, gure gidaria izan zen elgoibartar gaztea. 

Arnesak janzten eta abilidadea bageneukala ikusi zuenean, lasaitu ederra hartu zuen. 

-Zuei ez dizuet azalpen handirik eman beharko. 

Hala espero genuela esan, eta Via Ferrataren hasierara abiatu ginen. 

Hasierako zatia bidezidor normal bat da, baina Ferratan egongo bagina bezala egiten da. Hau da, mosketoiak kabletik pasatuta, eta ainguratze bakoitzean banaka aldatuz; lehenik bat eta gero bestea. 

Ferrata zati labur samar bat egin, eta onenera iritsi ginen: tirolinara. 

Tirolina errekaren gainetik pasatzen da bailararen beste aldera. 

Guk Txirritaren bastoien ordez polea bana erabili genuen. Ibaik joan zen aurretik, eta ondoren, Peloia. 

Nola frenatu ere esplikatu zigun, baina tirolinaren amaieran koltxoi urdin bat zegoenez, batere frenatu gabe joan nintzen, haren kontra jotzeko intentzioarekin. 

Hala ere jefeak frenatu egin ninduen amaieran. Eskerrak. Bestela, agian, handiegia hartuko nuen. 

Onena amaituta, ferratan gora jarraitu genuen. Arazo handirik gabe, baina disfrutatuz. 

Begiralekura iritsi baino pixka bat lehenago, haitzetik igaro beharreko tarte bat zegoela esan zigun Ibaik; hau da, graparik gabeko tarte bat. 

-Hau dek gure aukera A-0rik egin gabe (ainguratzerik, espresik, txaparik edo antzekorik erabili gabe) zertarako gai garen erakusteko. 

-Bai, ezin diagu hutsik egin. 

Eta eskerrak hala izan zen. Izan ere, erraza zen, eta fin ibili izan ez bagina, pentsatuko zuen Ibaik ea zer “eskalatzaile” klase garen. 

Atzera jo eta ferratan gora jarraitu genuen. 

Tirolina amaitu genuenean, Ibaik azaldu zigun lehen leku hura (tirolina amaitzen dena) zabortegi moduan erabiltzen zutela inguruko baserritarrek. Eta tirolina muntatzean, jesukristoren garbiketa egin behar izan zutela. Tona asko atera omen zituzten. 

Goian, kaskoa kendu, urari trago eder bat jo, eta beherako bidea hartu genuen, Pirinioetako zenbait mendiri eta Euskal Herrian eskaladako bide luzeak egiteko lekuei buruz hizketan. 

Ederki pasatu genuen. 

Ea hurrengoan A-0rik gabeko zerbait egiteko kapaz garen. 

Gortu! 

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide