Iazko ekainean guztion artean osatu genuen giza katean 150.000 lagun eskutik lotu eta Durango eta Iruña arteko 123 kilometroak bete genituen. Herri bat garela, erabakitzeko eskubidea dugula eta herritarron garaia dela aldarrikatu genuen, aho batez eta konbentzimendu osoz.
Aurten ere badugu ekainerako erronka handi bat gure ideia nagusi hauek zabaltzen jarraitzeko: hautestontzi erraldoiak osatuko ditugu guztion atxikimenduaz pertsonalizatutako oihal zatiekin. Herriz herri prestatzen joango garen oihalak izango dira ekainaren 20an osatuko diren hautestontzi erraldoien bilgarri, eta horretarako Zumaian jada lanean jarri gara.
Datorren larunbatean, otsailaren 28an, informatzeko eta materiala banatzen hasteko bilera bat egingo da Brankan eguerdiko 12etan.
Bilera horretara gonbidatuta zaude. Zure laguntza ezinbestekoa izango dugu oraingoan ere aurrean dugun erronka bete ahal izateko. Zain gaituzu!
Gogoratu: otsailak 28, larunbata, eguerdiko 12etan, BRANKAN
Gure Esku Dago