Zumaian hazi eta bizi

Erabiltzailearen aurpegia Haritz Egiguren 2020ko aza. 25a, 07:20

“Zumaian bizi nahi dugu” dio Zumaiako Etxebizitza Asanbladak. Seguru askoren nahia dela eta lema bere egiten dutela Zumaiako gazte askok. Asanbladak ateratako idatzian, argi eta garbi adierazten zen Zumaiako gazteen emantzipatzeko nahia eta errealitatea ez zetozela bat, okerrera egiten ari diren arrazoi ezberdinengatik.

Egoera ikusita, posible al da Zumaian bizitzea? Eta posible balitz, zer baldintzatan?

Hasteko, gazteen gehiengoak ezinezkoa du etxebizitza baten jabe izatea, eta horren ondorioz alokairu edo hipotekan sartzera behartuta daude. Asanbladak argitaratutako datuen arabera, zumaiar gazteen diru sarrerak batez beste 1070 €-koak dira hilero eta alokairuaren prezioa 750 €-koa da, gutxi gorabehera, hileroko soldataren erdia baino gehiago alokairuan gastatzera behartuta dago emantzipatu nahi duen edozein (alokairuaz aparteko gastuak kontuan izan gabe).

Garestiak ez ezik, alokatzeko dauden etxebizitza zerrenda ere ez da oso luzea. Gero eta etxe gehiago espekulaziorako erabiltzen dira AIRBNB eta BOOKING bezalako plataformetan, Zumaiak izan duen turismo gorakada baliatuz, epe laburrean diru kantitate handiena ateratzeko. Adibide garbia da zumaian 70 etxebizitza turistiko inguru daudela, horietatik ia erdiak legez kanpo eta erregulatu gabe. Zumaiako etxe bakoitzean batez beste 3 pertsona bizi dira; beraz, etxebizitza turistiko hauek 210 gazte emantzipatzeko aukera emango lukete, prezio arrazional batean jarriko balira.

Aurten, Amsterdameko hainbat eremutan AIRBNB debekatu omen dute; erabaki ona, hemen ere horrelako zerbait egin beharko litzateke, baina zumaia osoan aplikatuta.

Etxebizitzekin espekulatzen dutenak kanpora!

Asanbladako partaideon burutan dagoen beste kezka handi bat da gaur gurean dugun pandemia honek eskutik dakarren krisiak gizartean izango duen eragina. Hainbat eta hainbat familiaren egoera ekonomiko kaxkarrak ekar dezakeen etxegabetze prozesuen ugaritzeak arduratzen gaitu.

Egoera horiei irtenbidea jartzeko saiakera bat egiten ari gara Zumaiako Etxebizitza Asanbladako partaideak. Herrian etxebizitza zein eraikin huts ugari dago, eta saiakera bat egin nahi dugu alternatiba ezberdinak mahai gainean jarriz, herritar guztiek etxebizitza duin bat izateko aukera izan dezaten.

Oreretan eta Tolosan etxebizitza komunitarioak eta Errekaleor auzo askea, esaterako, Euskal Herrian merkatu kapitalistaren eskemetatik ateratzen diren eredu ezberdinak dira. Asko dira aipatu gabe utzi direnak eta asko etorkizunean aipatuak izango direnak.

Zumaian zergatik ez?

Etorkizuneko Zumaia eraikitzea zumaiarron eskuetan dago. Denon lana da herri bizi eta jasangarri bat eraikitzea, eta gure ustez etxebizitza turistikoak jarri edo etxebizitzarekin espekulatzen dutenek ez diete inongo mesederik egiten etorkizuneko Zumaiari, besteak beste, gazteok etxebizitza Zumaiatik kanpo bilatzera behartzen gaituztelako. Gure etorkizunak zuen aberastasuna baino gehiago balio du!

Amaitzeko, Zumaiako errealitatean kokatu beharra dago. Posible al da okupazioa? Badago baldintzarik etxebizitza komunitarioa egiteko? Etxebizitza turistikoak erregulatu behar dira? Galderak asko, eta erantzunak ere bai. Lana eginz gero posible da zerbait polita ateratzea. Horretarako dago Zumaiako Etxebizitza Asanblada, poliki-poliki eta isilpean lanean, gazteak pozik ez dauden seinale. Jendeak mobilizatu egin behar du, etxebizitzaren arazoa Zumaiako gazteen ahotan jarri, denen artean irtenbide bat bilatu!

ZUMAIAN BIZI NAHI DUGU!

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide