Musikaren lan isila...

Erabiltzailearen aurpegia Iker Gonzalez Cobeaga 2019ko mai. 31a, 14:20

Gaur egun ez da batere zaila musika entzutea. Teknologia lagun, hatz baten mugimendu sinple bati esker, ehunka abesti izan ditzakegu gure poltsikoan entzungai. Eta Internetaren sareetan murgilduz, mundu guztiko musikak entzun ditzakegu. Ez dut esango hau guztia aurrerapena ez denik, baina, aldi berean, ez al diogu musikaren atzean dagoen lanari bere balioa kentzen?

Goya sarien banaketan, Rosalía abeslariak, Cor Jove de l'Orfeó Català abesbatzako kideekin batera, abesti bat eskaini zuen, ahots hutsez. Bideoa birala bihurtu zen eta zeresan handia eman zuen, baina nork hitz egin zuen abestiaren moldaketa idatzi zuen musikagileaz? Interneti esker jakin dut Bernat Vivancos izan zela; hori bai: bideoa birala izan zen,  baina moldaketak egin zituena bigarren planoan geratu zen. Moldaketarik gabe, ordea, ez zen posible izango abesti hura hala eskaintzea.

Egokitu zait horrelako zenbait lan egitea, abesbatzen musikatik gertuago dauden Oskarbi edota Golden Apple Quartet bezalako taldeetatik hasi eta urrunago dauden artistengana iritsi arte (Amaia Zubiria, Mikel Markez edota Xabi Solano, kasu). Klasikoak bezala definitzen ditugun musika estiloek partituretan oinarritzen dute beraien lana, han idatzita dagoena hobekien jotzen edota abesten, hain zuzen. Orduan, arraroa egiten zitzaidan ikustea goian aipatutako artista horien artean inork ez izatea bere doinuen batere partiturarik. Horren aurrean, lehen pausoa beti zen, pianoa lagun, beraiek egiten zutena belarriz ateratzea. Eta ez pentsa lan hori oso erraza zenik; swing estiloa zutelako edota artistak, bere askatasunean, nahi zuena egiten zuelako, abesti horiek bost lerroek eta konpasak finkatzen duten egiturara egokitzeak izerdiak botarazi zizkidan. Hori bai: gero grabatzeko ordua etorri zenean, artistaren batek, bere askatasun sortzailean, nahi izan zuena kantatu zuen...

Hori egindakoan iristen da niretzat lanaren zatirik politena: estilo musikal ezberdinak uztartzen saiatzearena, alegia. Ohikoa da kantautoreen artean doinu berarekin estrofa ezberdinak kantatzea; hala gertatzen da, adibidez, Mikel Markezen Konplize ditut eta abestian. Horregatik abestiak ez du indarrik galtzen, indarra hitzetan dagoelako, baina abesbatza batek bost aldiz gauza bera egin behar badu, entzuteko neketsua suerta daiteke. Horrelakoetan beharrezkoa da irtenbide ezberdinak ematea, estiloarekin bat datozenak, baina beste zerbait gehitu dezaketenak. Ez da guztiz konparagarria, baina, pinturarekin alderatuta, lan hau beste margolari batek egindako koadroaren gainean zure koloreak jartzea bezala da. Estilo bakoitzak bere koloreak ditu, Oh Peio Peio abestia herrikoia da, baina Golde Apple Quartetek beti emango dio swing estiloa eta jazz musikaren ukituak. Abesti hori moldatzeko garaian, beharrezkoa izan zen musika herrikoia, jazza eta musika korala uztartzea. Eta, nola ez, idatzikoak abesteko edota jotzeko modukoa izan behar du, musikoek margotuko baitituzte zuk jarritako koloreak.

Azaldutakoak adibide soilak dira, baina hurrengo batean musika banda Queen jotzen edota abesbatza bat kanta ezagun bat eskaintzen ikusten baduzue, gogoratu horren atzean lan isila egongo dela. Abesti horiek originaletik atera eta beste “munduetara” eramanak izan direlako. Errazagoa da poltsikoan duguna entzutea, baina zuzenekoak beti izango du xarma berezia eta hori beti eskertu eta txalotu behar da.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide