Arrakasta izan du Eirek Oikian

Erabiltzailearen aurpegia Imanol Manterola 2023ko abu. 28a, 13:45

Ostiral gauean eskaini zuen kontzertua Zumaiako musika taldeak San Bartolome jaien aitzakian eta jende ugari gerturatu zen saioa bertatik bertara ikusteko. 

Eire Mayak eta Eire Salegik osatutako Eire bikoak hankaz gora jarri zuen Oikia joan den ostiralean. Sanbartolomeetako egitarauaren barruan kontzertua eskaini zuen gauean Zestoako Manitu taldearekin batera eta jende andana gerturatu zen Zumaiatik eta inguruko herrietatik. Bi zumaiarrak gustura aritu ziren agertokian haien zaleen aurrean.

San Bartolome jaietako bigarren egunean eskaini zuen Eirek bere kontzertua eta gaur ere izango da zer egina Oikian; izan ere, jaietako azken eguna dute: Mozorro Eguna. Eguerdian abiatu dituzte ospakizunak eta paella jana izango dute aurki. Arratsaldean, berriz, jolasak izango dituzte eta Ostolaza eta Larrañaga trikitilariak girotuko dute gaua. Gauerdian berriz, txin-txin herrikoia egingo dute sanbartolomeak datorren urtera arte agurtzeko. 

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide