Murgilari arrunta, haren izenak ongi dioen moduan, Anatidae familiako ahate murgilaria da. Orojalea da, eta urpean ederki moldatzen da. Bereziki uretako landareak, haziak eta ornogabe txikiak (moluskuak, intsektuak, arrain txikiak...) jaten ditu. Normalean hiru metrotara murgiltzen da elikagaiak bilatzeko, eta maiz gauez ere jaten du.
Taldekoia da, eta ugalketa garaiaz kanpo, talde handiak osatzen ditu. Arra eta emea oso desberdinak dira. Arrak burua eta lepoa marroi-gorrixka ditu, bularra eta isatsa beltza eta bizkarra gris zurbila. Moko beltza du erdian zerrenda gris-urdinxka batekin, eta begiak laranja-gorrixkak ditu. Emeak kolore apalagoak ditu, marroi-grisaxka da oro har. Europako eta Asiako iparraldean eta ekialdean ugaltzen da, eta, negua, berriz, gurean igarotzen du.
Landare ugariko ur gezadun eremuak (aintzirak, zingirak, padurak, ibai geldoak) atsegin ditu, eta neguan ur gazidun eremuetan ere ager daiteke; aintzirak izozten direnean, batez ere.
Luzera eta hego zabalera: 42-29 zentimetro eta 67-75 zentimetro.