Koartza hauskara Euskal Herrian oso hedatuta dagoen espeziea da. Azkenaldian, gure ibaietan barrena mugitzen diren ale sedentarioak geroz eta ohikoagoak dira, baina kopuru handiena neguan batzen da, iparraldetik etortzen baitira negu epela igarotzeko esperantzarekin. Tamaina handia du, eta oso erraz identifikatu dezakegu; lumaje nagusia grisa da, argiagoa sabel aldean, burua zuria eta begietatik atzera marra beltz bat ageri zaio, motots edo gandor ilun batean amaitzen dena. Mokoa, berriz, luzea eta zorrotza du, hori kolorekoa. Hegan egiten duenean lepoa s forman tolestuta eramaten duela da bere ezaugarri nagusia. Ura dagoen edozein lekutan aurkituko dugu: ibaiak, padurak, itsasertzak, urmaelak...
Harrapari fina da, eta bere dieta nagusia arrainek osatzen duten arren, anfibioak, intsektuak, ugaztun txikiak eta beste hegazti batzuen txitak jateko gai da. Ehizari bakarti moduan jarduten du, ur bazterretan geldirik edo poliki-poliki ibiliz. Habia, berriz, uretatik gertu dauden zuhaitzetan egiten dute, koloniatan batzuetan, eta urtez urte, horiek handitu eta berrerabili egiten dituzte. Lehen urtean hilkortasun maila handia duten arren, hogei urtez bizi izan diren aleak erregistratu dituzte.
Beste izen batzuk ere baditu: amiamoko, gartza, koartza...
Luzera eta hego zabalera: 84-102 zentimetro eta 155-175 zentimetro.