Ezaguna dugu tarina gurean. Tamaina txikiko hegazti hori Europan eta Asian banatzen da nagusiki, han ugaltzen baita. Hemen ohikoagoa da negu partean ikustea, udazkenetik aurrera etortzen baita epelera, baina migrazio ohiturak oso desberdinak izan daitezke urte batetik bestera. Klimak, ugalketa arrakastek eta janari iturriek izango dute zerikusia, beharbada, gerta daitekeelako urte batean ia paserik ez ikustea, eta hurrengo urtean sekulako talde handiak igarotzea.
Kolore biziak ditu tarinak: batez ere, horia da nagusi, eta tonu berdexkagoak ditu bizkarrean, marra beltzak tartekatuz. Moko txikia eta fina du, berezia haziak erauzteko. Ar eta emeak nabarmen bereizi ditzakegu: arrak orban beltza du buruan, baita kokotsean ere, eta sabela horiagoa du, batez ere udaberri garaian. Emeak, aldiz, kolore apalagoak ditu. Kantari fina da, etengabean kantuan eta mugimenduan ibili ohi da. Oso trebea da, eta sekulako abilezia erakusten du zuhaitz koniferetan egoten diren haziak jateko. Ikusgarriak dira elikatzen diren bitartean adar artean egiten dituen malabarak.
Normalean talde txikietan ikusiko dugu, baso zein zelaietan, eta askotan, beste espezie batzuekin taldean nahastuta ikustea ohikoa da (karnaba, txirriskila eta txonta, esaterako).
Beste izen batzuk: haltz-txori, kolin, kolika...
Luzera eta hego zabalera: 12 zentimetro eta 20-23 zentimetro.