LANTZAGIRUA - Estropada Gosez

Erabiltzailearen aurpegia Iñaki Aristi 2020ko abu. 4a, 13:01

Pasa dugu estropadarik gabeko astea, entrenamenduz josirikoa guretzat, eta taldean izan dugun albisterik nabarmenduena hauxe da; pare bat entrenamenduren ondoren patata tortilak zai izan ditugula, taldekide batzuk urtebetetzeko pasten zorretan zeudela eta. 

Egia esan, gure taldeari buruz berririk ez egotea baino notizia hobeagorik ez dagoela iruditzen zait garai hauetan, Covid-19arekin gertatzen ari dena ikusita. 

Berri txarrak alboko herritik datoz, Getariatik hain zuzen. Arraunlari batek positibo eman eta taldekide guztiak konfinatu egin behar izan dira, protokoloa zorrotz jarraituz. Honek ez dio mesederik egiten gure ligari, denboraldi baterako "Esperantza"rik gabe geratuko baikara, eta honek estropadetako lehiakortasuna gutxiagotuko du, KAE liga deskafeinatuagoa utziz. Arraunlaria (saiakera) naizen bezala, pena handia ematen dit, denok egon gara gure etxeetan 3 hilabetez entrenatzen trainerurik ikutu ere egin gabe eta orain, lehiaketako momenturik onenean talde batek denbora baterako estropadak jokatzeari utzi behar izatea, pena da. Dena dela, esan beharrik ez dago aurrena guztion osasuna dagoela eta horrelako kasuetan estropadak alde batera utzi behar direla, baina hau esanda, animo asko getariarrentzat Zumaia aldetik, ez da inorren gustokoa horrelako albiste bat, laster izango zarete bueltan eta eutsi goiari! 

Beno, eta zer esan guri buruz, Narrondoko "Apo Koxkorra"-k (Mattin Etxaniz) esango zuen bezala, "Zaharrak berri Zumai alden". Baleko entrenamenduak egiten ari gara eta astebukaera iristeko gogoekin gaude, Larunbatean Getarian eta Igandean Getxon izango ditugu estropadak. Getxokoa, berezitasun moduan, 6 kaletara izango da, eta horrek kaleen artean alde handiak ekar ditzake. 

Aldeak alde, beste behin gure onena ematen saiatuko gara, gero eta sentsazio hobeak ditugu eta ea astebukaera honetan ildo horretatik jarraitzen dugun. Aste honetako estropadak onak eginez gero, jandako tortilengatik izan ote den pentsatzen hasi beharko dugu... Hasi tortillak prepatzen mutillak!


Keep Calm
        & 
  RemaLe

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide