LANTZAGIRUA - Gazigozo

Erabiltzailearen aurpegia Iñaki Aristi 2020ko abu. 11a, 11:03

"Estropa hauek ikasteko dituk!". Asteburu honetan 6. eta 8. postuak gureganatu ditugu, baina esaldi horrekin geratzen naiz.

Asteburu ona izan da guretzat, aitzakirik gabekoa. Larunbatean Getarian giro ederra izan genuen arraunerako, lehenengo luze indartsu baten ondoren, estropadaren lan erditan bigarren txandarako borrokan geuden Arkote eta Deustu boteretsuei aurre eginez. Hirugarren luzeko irteera ez zen hain ona izan, eta horrelako taldeei pixka bat utziz gero, ez dute barkatzen. Estropada polita egin genuen eta borrokan egon izanak gehiagorako gogoarekin utzi gintuen.   

Igandean beste mota bateko giroa zegoen Getxon, haizetsua eta narratsa, oso exijentea arraunerako. Sei kaletarako estropada izan zen, bi txandetan banatuta. Sentsazioak deserosoak ziren hasieratik, baina horrelakoetan ez dago besterik, txalupa guztientzat giro eskas berdina egoten da eta. Lehenengo ziabogara laugarren iritsi ginela ipintzen du denboretan, Orio B-rekin batera (momentuan nere pala begiratzearekin nahikoa nuen). Ziabogatik atera eta hor hasi zen, "Telmo Deun Showtime". Olatu guztiak hartzen genituen, lehenengoa hartzearekin batera beste guztiak etorri ziren segidan, bigarren ziabogara lehenengo postuan iristea lortu genuen arte. Aste honetan Itzurunen entrenatzeko eskatu digu udalak, bertan tablarekin jarduten dutenei Surf klase batzuk emateko, ea gure teknikarekin ikasten duten! 

Hirugarren luzean ordea, gure arraunketa momentu gutxitan lortu genuen, "Keep Calm & RemaLe" asko eskatzen bazuen ere, ez genuen guztiz lortu hori uretan plazaratzea. Laugarren luzean, nahi izan genuen arren, bigarrenaren itxurik ez zuen izan, eta azken luze horrek utzi gintuen asteburua ez borobiltzearen zapore gazia. Momentu batean, batenbat ezkutuan gure traineruaren neurriak aldatzen egon delaren sentsazioa izan nuen laugarren luze horretan, baina berehala oroitu nintzen Goikok alarma, bijilantzia kamerak, radarra, tenperatura hartzeko termometroa... jarrita dituela arraun klubean eta susmo hori segituan kendu zitzaidan burutik. Unai Osa "Buruji" patroiak estropada baino lehen esan zuen bezala: "Estropa hauek ikasteko dituk!", eta bai, honetatik ere esperientzia gehiagorekin atera gara, eta horrek guretzat balio handia du.

Aste honetan Santanderren izango dira bi jardunaldiak, bertan geratuko da taldea asteburu osoan, beraz iruditzen zait zer kontatua izango dela lerro hauetan! 


Keep Calm
        & 
  RemaLe

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide