LANTZAGIRUA - Amaieraren hasiera

Erabiltzailearen aurpegia Iñaki Aristi 2020ko abu. 25a, 10:04

 Ligako azken astean sartu gara jada, Getxon jokatu diren bi estropadetan 8. eta 9. egin ondoren.

Astebukaera konpletoa Getxon, sei kale eta bi txandako bi estropada izan ditugu bertan. Estropada eremu xelebrea, sei kaletara, lau kaletara aldeak egoten badira, seira are eta gehiago. Aldeak alde, guri bi egunetan kanpoko balizak tokatu zitzaizkigun, eta estropada onak egin ondoren 8. eta 9. amaitu genuen. Oraingoz sailkapen nagusiak dio 8. postua dagokigula, 7. den Camargoko kantabriarrak urrutitxo geratu zaizkigu eta 9. doan Orio B bi puntutara dago, beraz, ea 8. postu horri eusteko gai garen.

Azken asteburua geratzen zaigu liga amaitzeko, dena den, batzuei liga uste baino lehenago amaitu zaie. KAE 2 ligan dagoen Zarautz Bko ontziko arraunlari batzuek Covid-19agatik positibo eman eta denboraldia lehenago amaitu behar izan dute.  Bertan, gure taldeko kide diren batzuk utzita egon dira, Zarauzko Enbatari laguntza pixka bat eman nahi genion eta lau arraunlari TOP bertara joan ziren martxoa aldean, gurekin negu osoa egin ondoren. Lerro hauen bidez animo asko eman nahi dizkiet Peru Tolosa "Astro", Endika Arregi "Lopene", Juan Inazio Torronteras "Juanito" eta Eneko Gurrutxaga "Gurru"-ri. Normalean arraunaren parterik erakargarriena udakoa izaten den arren, neguan ordu asko sartzen ditugu bertan, eta garai hauek gogorrak izanda ere, gure arteko harremanak asko estutzen dira, gutako batzuk lagun handiak bihurtuz. Animo Potros!

Denboraldi amaiera gertu dago, eta honek atzera begirada bat botatzera ekartzen nau, urteko momentu txar eta on guztiak kontuan izanik. Ergometroan orduak, egun gogorrak, igande goizeko entrenamenduak, konfinamenduan entrenatzea... Ea zortzi hilabeteko pretenporada egiteak bi hilabeteko denboraldi baterako pena merezi duen galdetzen dute askok, eta uste dut garaian garaikoa disfrutatzen eta sufritzen jakin behar dela, kirol honetan helmugan baino, bidean disfrutatu behar da.

Aste honetan Castron dauzkagu ligako azken bi estropadak, ahalik eta itxurarik onenarekin amaituko ditugu, taldeko kapitain dugun Joseba Aristi "Txato"-k esaten duen bezala, rebolberrean 3 bala gehiago ditugularik. Ezetz asmatu hirugarrena norako dugun gordeta?


Keep calm
        & 
 #RemaLe

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide