Orion eman zioten hasiera arraun asteburuari KAE eta ETE ligetako neska-mutilek ibaian jokatu zen erlojupekoan. Emakumezkoen lehian, Enbatako nexkak azkenaldiko gorakadari etenaldi bat eman behar izan zioten laugarren postuarekin konformatuz. Zumaiari dagokionez, bandera segundo pasatxora geratu zitzaion oraingoan ere Amane Jimenezek gidaturiko taldeari, itzulerako luze on bat burututa Astillerok zuen bost segundoko errenta segundo batera laburtu ostean.
Gizonezkoetan, San Juanek erabat dominaturiko ligan, Zarautzek sailkapenean duen postua berdintzea lortu zuen seigarren postu eroso bat lortuz eta Telmo Deuneko mutilek hirugarren egin zuten estropada osoa Arkoterekin borroka estu bat izan ondoren bigarren posturako.
Maila goreneko ligetan, Arraun Lagunak nagusi jarraitzen duen arren, aipatzekoa Oriok etxean emandako aurpegia, irteeran hanka egin eta estropada erdi bat buruan mantentzea lortu zuen, amaierako zatian Arraunek bere potentziala atera eta Tolosak ere aurre egin arren.
Getariarrei dagokionez, bigarren txandan bere lana ondo eginaren ondorioz, hirugarren postua eskuratu zuen. Salbatoreak gustura pasatzeko moduan dira. Itsasoa mugitzen hasia zelarik, ohorezko txandan zihoan Oriori txanponaren beste aldea bizitzea tokatu zitzaion hurrengo asterako bigarren txandara eroriz. Txanda honetan arriskutsuak izan daitezke horiak, tentuz jarraitu beharko ditugu.