Udan ere irteerak egingo dituzte Indamendiko kideek. Datorren igandean egingo dute lehendabizikoa: Aralarko mailoetan kokatutako Aldaon gailurra igoko dute. Albiko aparkalekutik abiatuta, Trikuarriko lepotik igoko dituzte mailoak. Ikuspegi apartak eskaintzen ditu Aldaon tontorrak, bere 1411 metroko garaieran. Aralar eta Araitzeko bailara ikusteko aukera paregabea da. Larraitzerako bidean, Uzkuiti tontor ahaztua ere zapalduko dute.
Egun osoko irteera izango da. Bost ordu inguruko ibilbidea da, eta 17 kilometroko luzera du. Goiko estankoan (943 86 03 57) eman behar da izena ostiral eguerdia baino lehen; helduek 13 euroren truke egin ahal izango dute, eta haurrek, 7 euro ordainduta. Autobusa 7:30ean irtengo da Txomin Agirre geltokitik.