Urriaren 4an Arantzazutik Arriolara goaz

Erabiltzailearen aurpegia INDAMENDI M.B. 2020ko ira. 29a, 09:11

Pilarko astebururako irteera bertan behera geratu da Covidak Miranda de Ebron sortu dituen arazoengatik. Hala ere, martxan jarrai dezakegu gure egutegiko irteerekin. Hurrengoa, urriaren 4an, Aitzgorri-Aratz parke naturalean zeharkaldi bat izango da.

Arantzazutik hasita, gure proposamenak Duruko zelaietatik zehar eramango gaitu; gero, altuera hartutakoan, Tellakaskueta eta ENAITZ (1.289m) tontorretatik jarraitzeko. Urbiarako bidegurutzean, Arabarantzeko bidetik jarraituko dugu MALKORRA (1.246m) mendiarengana. Urkillako mendialdeko tontor adierazgarriena izateaz gain, Kantauri eta Mediterraneoaren urak bereizten dituen mendilerroan dago. Arabako lurretan kokatuta, Aguraineko kuadrillako ikuspegi zabala eskaintzen du. Bertan dago Arriola, gure helmuga. Egun osoko irteera honek 17 kilometroko luzera du eta 850 metrotako desnibel metatua ditu.

Animatu eta eman izena goiko estankoan ostiral eguerdia baino lehenago, edota nahiago izanez gero, 943-860 357 telefonora deituta. Irteera, beti bezala, 7:30ean izango da Txomin Agirreko geltokitik, eta egun osokoa denez, autobusaren prezioa 13 eurokoa izango da helduentzako eta 7 eurokoa umeentzat. Ez ahaztu musukoa ekartzea.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide