Jendearen gogoa ikusita, lehenbailehen hasi nahi dugu. Horregatik, egutegitik egin gabe gelditu den irteera bat datorren iganderako berreskuratuko dugu, Mirutegi eta Baio (1.197m) ingurukoa hain zuzen. Martxoaren 14an, Andoingo erdigunetik abiatuko gara. Lehenbizi, bertan dauden putzu/ur-jauzi entzutetsuak bisitatzeko.
Gorantz jarraituta, Andoingo lepora heltzen garenean, hegoaldeko belardi eta basoz jantzitako lautada zabala ikusiko dugu. Iparrerantz begiratuta, berriz, mendia moztuta balego bezala, 600 metrotako desnibela agertzen zaigu. Ertzetik, ikuspegi zabal hori gozatuz, gure bideak hainbat tontorretatik pasa ondoren, Mirutegiko gurutzera eramango gaitu. Bere balkoia, Entziako mendialdeko bisitatuena izango da, baina handik hurbil dagoen Baio tontorra da garaiena. Berriro basotik zehar jaitsiko gara Durrumaraino, bertan egongo baita autobusa gure zain.
Goiz buelta honek 13 kilometroko luzera eta 711 metrotako desnibel metatua ditu. Erraz egiteko modukoa aspalditik ibili gabe egon arren. Animatu eta eman izena goiko estankoan (943-86 03 57) ostiral eguerdia baino lehenago. Autobusa 7:30ean aterako da Txomin Agirreko geltokitik, eta bere prezioa 7euro helduak eta 5 euro umeentzako izango da, ohi bezala. Gogoratu babes neurri bereziak bete behar direla: tenperatura neurketa, distantzia errespetatu, talde txikietara mugatu, musukoa jantzita eraman, etab., beste edozein eremuetan bezala.