Altzaniako mendialdean kokatuta, inguruko besteetatik bereizten duena bertara daraman bidezidorra da. Alde batetik, inguruan eskalatzaileek gustuko dituzten hainbat horma altxatzen direlako, eta, bestetik, paisai horren arrakala batetik Illaragorri errekaren iturburu ederra dagoelako “La Leze” kobazuloan.
Igoerako bidea ere aipagarria da. Harriari lapurtuta dagoen bidea, segurtasun kable batekin hornituta dago, eta mendi garaiagoak ekartzen ditu irudimenera. Olanotik aurrera, Arbarain (1.118m) mendirantz joko dugu. Azken hau, bien artean garaiena izateaz gain, hiru lurraldetako mugarria ere bada. Antena batekin zatartutako tontorra izan arren, bidea artadi eta pagadietatik doanez, jaitsiera atsegin batetik Ziordiara eramango gaitu.
Animatu zaitezte, eta eman ezazue izena goiko estankoan (943-86 03 57) edo gure webgunean, ostiraleko eguerdia baino lehenago. Autobusaren prezioa, ohi bezala, 7 eurokoa helduentzako eta 5 eurokoa umeentzat izango da.