Ireberrera goaz maiatzaren 29an

Erabiltzailearen aurpegia INDAMENDI M.B. 2022ko mai. 23a, 09:30

Indamendi Egun arrakastatsuaren ondoren, urteurreneko zeharkaldiari hasiera emango diogu. 

Hasteko, datorren igandean, maiatzaren 29an, Ireber (1.208m) mendira goaz. Lekunberritik abiatuta, Nafarroako nekazari giroko mendietatik zehar, Goroskietako gaineraino joango gara. Erdibidean Ireber dugu. Bidean lagun ditugun zelai eta hostozabalez hornitutako basoen gainetik, bere tontor harritsua nabarmen bistaratzen da. Aralarreko mailoetatik Saioarainoko eremuan, bera da garaiena. Hala ere, bide samurra du, lur pistetatik baitoa gehienbat.

Gure ibilbideak (EH_16), 18 kilometroko luzera eta 900 metrotako desnibel metatua ditu. Egun osoko txangoa izango da, eta eguraldiak laguntzen badu, jatordua bidean egiteko soinean eramatea komeni da. Animatzen zaretenok, goiko estankoan (943-86 03 57) edo gure webgunean izena eman dezakezue. Autobusa, ohi bezala, Txomin Agirreko geltokitik 7:30ean aterako da, eta 13 euro helduentzat, eta 7 euro umeentzat balioko du.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide