Murugainera joko dute igandean Indamendiko kideek

Erabiltzailearen aurpegia INDAMENDI M.B. 2022ko urr. 31a, 11:00

Ordu aldaketaren ondoren, goiz bueltak egiten hasiko dira. Datorren igandean egingo dute lehenbizikoa, Arrasate ondoko Murugain mendira. 

Kondairak dioenez, herensuge bat bizi izan zen mendi horretan, eta haren omenez datorkio Mondragon izena, “monte de dragon”-etik, alegia. Ibilbidea Garagartza auzoan hasiko dugu, eta Murugainez gain, Asentsiomendiko tontorra gaindituko dugu, Apotzaga auzoan amaitzeko.

Guztira, 12 kilometro eta 770 metrotako desnibel metatua izango ditu ibilbideak, beraz, zailtasun teknikorik ez duenez, mendizale guztiei zuzendutako eta haurrek egiteko moduko txangoa da.

Animatu zaitezte eta izena eman ezazue Goiko estankoan (943-86 03 57) edo gure webgunean ostiral eguerdia baino lehen. Autobusa, beti bezala, Txomin Agirreko geltokitik aterako da 7:30ea. 7 euroren prezioa izango du helduentzat, eta 5 eurokoa umeentzat. Gogoratu gure irteeretan parte hartzeko ez dela beharrezkoa bazkidea izatea, eta edonork eman dezakeela izena.

Bertan ikusiko dugu elkar.

 

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide