Gure zeharkaldiaren barne Udalatxera joatera gonbidatzen zaituztegu. Mendi berezi hau igotzeko bide desberdin bat egingo dugu. Arrazolatik abiatuta, lehenbizi Besaidera igoko gara. Hiru lurraldetako mugak elkartzen dituen puntu honetatik, Udaltxerantz joko dugu kaskoaren mendebaldetik. Askorentzat ezezaguna den igoera honetan dago Mari jainkosaren kobazuloetako bat. Bere baimenarekin, gainaldeko gailurra, gurutzea, eta begiralekua ikusita, beherantz joko dugu ezagunagoa den Udalako bidetik.
Ibilbidea 12 kilometrokoa da eta 900 metroko desnibel metatua du. Goiz-buelta honetara animatzen zaretenok, gure webgunean izena eman dezakezue, edo, nahiago izanez gero, goiko estankoan (943-86 03 57). Autobusa, ohi bezala, Txomin Agirreko geltokitik 7:30ean aterako da, eta 7 euro helduentzat, eta 5 euro umeentzat balioko du. Gogoratu gure irteeratan parte hartzeko ez dela beharrezkoa bazkidea izatea, eta edonork izena eman dezakeela.