Frantziako mendietara joko du Indamendik sanpedroetan

Erabiltzailearen aurpegia INDAMENDI M.B. 2023ko mai. 25a, 12:05

Indamendirko kideak mendi bazkunak antolatutako irteera batean. (Indamendi)

Urteurreneko egitaraua amaiatuta, proposamen zabala dugu aurrerantzean eskaintzeko. Ekaina amaieran, esaterako, Néouvielle erreserba naturaleko inguruak bisitatuko ditugu.

Indamendi Mendi Bazkunaren 50. urteurrenaren harira prestatutako egutegi berezia amaituta, proposamen zabala dugu aurrerantzean eskaintzeko. Ekaineko San Pedro jaietan, adibidez, Frantziako Néouvielle erreserba naturalera antolatu dugu irteera.

Hala, ekainaren 29an goiz aterako gara, eta lehenbiziko ibilaldia Pic de Viscos-era egingo dugu. Jarraian, arratsaldean, Refuge de la Glere-ra hurbilduko gara, eta bertan igaroko dugu lehenbiziko gaua. Aterpetxe hori izango da, hain justu, ostiralean egingo dugun ibilaldiaren abiapuntua.

Glere bailara, aintziraz eta mendi zorrotzez inguratuta dago, eta prestatu dugun txangoan, 3035 metrotako garaiera duen Turón de Néouvielle-ra igotzeko erronka jarri diogu geure buruei. Ondoren, Baréges-era jaitsiko gara, eta bertan ostatu hartuta, beste bi ibilaldi egingo ditugu asteburuan.

Larunbatean, Néouvielleko erreserbatik ibiliko gara, eta Pic de Madamétetik ibilaldi eder bat egingo dugu. Bailara hau, Pirineo Frantziarraren leku politenekotzat jotzen da. Igandean, azkenik, Montaigne Fleurie-ra joango gara eta bazkari batekin asteburuari amaiera emango diogu.

Ohi bezala, plaza mugatuak ditugu, eta garaiz izena ematea komeni da. Izena emateko epea ekainaren 15ean itxiko da edota plazak agortzen zaizkigunean. Horretarako 250 euro ordaindu beharko dituzte bazkideek eta 300 euroko gainontzekoak. Elkartearen kontu korrontean egin beharko dute diru sarrera interesdunek: Euskadiko Kutxa ES27 3035 0037 44 0370007083.

Ez ahaztu bere agiria bidaltzea gure posta elektronikora edota goiko estankoan uztea. Norbaitek bere autoan joanda irteera asteburura mugatu nahiko balu, eskaera bidali dezake elkarteko posta elektronikora, eta xehetasunak argituko zaizkio. Animatu, merezi du eta!

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide