Irailaren 17an egun osoko irteera ederra egingo dugu Euskal Herriko eta Frantziako mugetan barrena. Sarako udalerritik abiatu, Larrun tontorrera igo eta Berako udalerrian amaituko dugu. Irteera honek ordea badu berezitasun bat, izan ere, lehen aldiz, “mendian korrika"-ko lagunekin partekatuko dugu irteera, beraz, denok elkarrekin egingo dugu autobuseko joan-etorria eta ibilbidea ere denontzat berdina izango da.
Hori bai, nahi duenak oinez eta nahi duenak korrika egiteko aukera izango du. Oinezkoek otordua soinean eraman beharko dute ibilbidean zehar jateko, eta aldiz, korrikalariek, Beran jango dute.
Ibilbide hau Saratik abiatuko dugu. Sara Larrun, Axuria eta Ibanteli gailurren azpian dagoen herri polit eta xarmagarria da. Pirinio Atlantikoetako departamenduan, Akitania Berrian, Kantauri itsasotik gertu (Donibane Lohizune 14 kilometrora). Saratik Larrun mendirako bidea hartuko dugu, Euskal Herriko eta Frantziako mugetan barrena.
Larrun gailurra Europako gailurra da Mendebaldeko Pirinioetan. Espainiaren eta Frantziaren arteko mugan, Labort eta Nafarroako lurralde historikoak elkartzen diren tokian. Pirineotako altxor bat da Larrun mendia. Itsasoaren mailatik 905 metrora dagoen gailurra da, eta ikuspegi panoramiko zabal eta zoragarria du, izan ere, Nafarroa Behera, Nafarroa eta Gipuzkoa inguruko lurraldeetaraino, Kantauri itsasoaren ertzean dagoen Euskal Kostalderaino, Landetaraino eta Ozeano Atlantikoraino iristen da.
Bukatzeko, Larrunetik Berako udalerrira jaitsiko gara. Bera Nafarroako udalerria da, Iruñetik 65 kilometrora. Beran Zumaiara bueltatzeko autobusa hartuko dugu, eta ziurrenik, korrikalariak Berara oinezkoak baino lehenago iritsiko direnez, oinezkoak etorri artean korrikalariak bertako taberna edo jatetxeren batean otordua egingo dute. Ibilbideak guztira 17 kilometro eta 877 metroko desnibela ditu. Ibilbide luze xamarra da, eta beraz, mendian ibiltzeko arropa eta oinetako egokiez gain, ura eta jateko nahikoa eramatea gomendatzen da.
Ibilbide honek mendizaleari esperientzia paregabea eskaintzen dio. Animatu eta izena eman Indamendiko webgunean edo Goiko estankoan (943-86 03 57) ostiral eguerdia baino lehen. Autobusaren prezioa helduentzat 13 eurokoa eta umeentzat 7koa da, eta Patxita Etxezarretako geltokitik aterako da.
Etorri eta goza dezagun naturaz, taldeaz eta kirolaz.