Maiatzaren 24rako, larunbata, haurrentzako irteera antolatu du Indamendik. Gipuzkoa eta Bizkaiako mugetan barrena ibiliko gara. Eibarretik gora dagoen Ixua lepoan hasiko dugu ibilbidea; handik Arrikurutz (749 metro) eta Garagoitxi (702 metro) mendiak igoko ditugu egun horretako helburu dugun Kalamua edo Maaxa (771 metro) tontorrera igo aurretik.
Garaiera handiko mendia ez izan arren, bista ederra dago tontorretik: Kantauri itsasoa parez pare eta barru aldeko mendi gehienak ere aurrean izango ditugu. Bertan hamarretakoa egin ondoren, pixkanaka beheranzko bideari ekingo diogu Santa Marina baselizatik pasa eta Markinako Barinaga auzoan ibilbidea amaituz. Autobusa zain izango dugu. Guztira, 8 kilometro inguru eta 300 metroko desnibel positiboa eta 600 inguruko negatiboa ditu goiz buelta honek.
Izena webgunean eman daiteke. Gogoratu: Indamendik antolatzen dituen irteeratara edonor joan daiteke, elkarteko bazkide izan edo ez izan. Gainera, eskolan dagoeneko apuntatu direnak ez dira webgunetik apuntatu beharko. Autobusa 8:00etan aterako da Patxita Etxezarretatik (Kantauriko geltokitik).