Benasquetik Oô bailarara arteko bidea egingo du Indamendik uztailean

Erabiltzailearen aurpegia Indamendi Mendi Bazkuna 2025eko ekainaren 15a

Oô-ko aintzira. (guide-toulouse-pyrenees.com)

Uztailerako plan ikaragarri bat prestatu dugu, San Pedroetan bezala, Pirinioetara joango gara eta bi eguneko zeharkaldia egingo dugu. Baina kasu honetan, Benasqueko Haranetik hasiko gara, Huescako probintziako Ribagorza eskualdetik, eta Oô Bailaran amaituko dugu, Garona Garaia departamenduan, Okzitania eskualdean.

Ostiralean, uztailaren 11n, Zumaiatik abiatuko gara 15:00etan. Arroako bidesarian eta Zarautzen autobusa geratzeko aukera dago, betiere, denborarekin abisatuz, indamendi1@gmail.com-era. Benasqueko Mendi Eskolara joango gara gaua pasatzera. 

Hurrengo egunean, larunbatean, Llanos del Hospital-era autobusean igoko gara. Bertan Remuñe bailaran sartuko gara, Remuñe eta Arenal iboiak igaro ondoren, Portal de Remuñe-ra iritsiko gara (2.847 m). Hemendik aurrera, bi aukera egongo dira.  

  • Alde batetik, Ibón Blanco de Literolaren eskuinetik joan eta Perdiguero (3.219 m) igo. Tontor hau Posets-Maladeta Parke Naturalaren barruan dago, eta Pirinioetako bi tontor garaienen, Aneto eta Posets mendien, behatoki zoragarria da. Gailurrera igotzen den ibilaldiak 12 kilometro eta 1.600 metro desnibel positibo eta 800 metro desnibel negatibo ditu. 
  • Beste alde batetik, iboiaren ezkerretik joan eta Portilló de Lliterola-ra (2.981 m) jo. Gailurra saihesten duen ibilaldiak 11 kilometro eta 1.300 metro desnibel positibo eta 500 metro desnibel negatibo ditu. 

Batetik edo bestetik joan, Portillon aterpean amaituko dugu, bertan afaldu, lo eta gosalduz. 

Igandean, uztailaren 13an, Lesat (3.107 m) gailurra igo ondoren, Portillon aterpera itzuliko gara, eta Oô Bailaratik jaitsiko gara. Bidean Saussat, Espingo eta Oô aintziretatik igaroko gara, Les Granges d´Astau-n bukatuz zeharkaldia. Ibilaldi honek 15 kilometro eta 600 metro desnibel positibo eta 2.000 metro desnibel negatibo ditu. 

Baina, gailurra ez egitea aukeratzen bada, ibilaldiak 11 kilometro eta 150 metro desnibel positibo eta 1.500 metro desnibel negatibo ditu. 

Eguraldiagatik edota antolaketa-arrazoiengatik pentsatutako ibilaldietan aldaketak eman daitezke. 

Asteburu paregabe honen prezioak ondorengoak dira: 

  • Bazkide diren helduak: 150 euro. 
  • Bazkide ez diren helduak: 190 euro.
  • Adin txikikoak: 130 euro.
  • Preziotik kanpo geratzen dira: ostiraleko afaria eta larunbateko eta igandeko bazkariak. 

Izena emateko epea dagoeneko zabalduta dago, eta ekainaren 30ean itxiko da; edo plazak agortzen direnean, hain zuzen, 25 plaza daude. 

Animatu eta diru-sarrera egin ondorengo kontuan: ES27 3035 0037 44 0370007083 (Laboral Kutxa). 

Ordainketa-agiria bidali elkarteko helbide elektronikora (indamendi1@gmail.com). 

Irteera honetarako ezinbestekoa da federatuta egotea, frantziar Pirinioak estaliz; edo aseguru pribaturen bat izatea mendiko jarduera hau estaltzen duena. 

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide