Dagoeneko jakinarazi du Indamendik zer irteera antolatu dituen datorren astebururako. Irailaren 6an, batetik, Gaintza (Arribe) eta Amezketa, Nafarroa eta Gipuzkoa arteko ibilbide zoragarria egingo dute, Aldaon (1.409 m) eta Balerdi edo Mallozarra (1.193 m) igoz.
Egun osoko irteera honek 16 kilometro, 1.400 metroko desnibel positiboa eta 1.600 metroko desnibel negatiboa ditu. Beraz, bazkaria motxilan eramatea gomendatu dute. Irteerarako autobusa 07:30ean aterako da Patxita Etxezarreta kaletik (Kantauri plazako geralekutik).
Arroako bidesarian eta Zarautzen autobusa geratzeko aukera dago, betiere, denborarekin abisatuz, indamendi1@gmail.com-era idatzita. Aldatzeko oinetakoak eramatea gomendatu dute, autobusa ez zikintzeko hainbeste. Autobusaren prezioa bazkide helduentzat 10 eurokoa da, eta bazkide ez diren helduentzat 13 eurokoa eta haurrentzat (18 urtetik behera) 5 eurokoa da. Webgune bertatik eman daiteke izena; apuntatzeko epea ostiralean 14:00etan itxiko da.
Igandean, Nafarroara
Irailaren 7an, igandean, egun pasa joango gara 2024ko Finalistekin. Hain zuzen ere, Indamendi Egunean trofeoa jaso zutenak saritu nahi dituzte:
● Ibai Barbero Guridi.
● Sare Barbero Guridi.
● Lur Zearreta Lopez.
● Maren Iruretagoiena Etxabe.
● Julen Garate Grijalba.
Goizean, Lokiz mendira joango dira. Lokiz mendilerroa Nafarroako mendebaldean dago. Natura ingurune hauekin oso lotuta egon da tradizionalki ikazkintza. Montxo Armendariz zuzendari nafarrak 1982an bertako ikazkin batzuen istorioa eraman zuen zinemara, Tasio pelikula ezagunean. Ibilaldia Galdeano herrian hasi eta bukatzen da, eta 8 kilometro ditu, 550 metroko desnibel positiboa eta negatiborekin.
Ondoren, Eraul herrira joango dira bazkaltzera, eta amaitzeko, Lezaunen dagoen Basabere baserri-eskola bisitatuko dute.
Haurrak animatu nahi dituzte 2025eko Finalistak izatera; informazio guztia webgunean dago eskuragarri, hemen.