Urdaburu bisitatuko du Indamendik datorren asteburuan

Erabiltzailearen aurpegia Indamendi Mendi Bazkuna 2025eko azaroaren 17a

Urdaburu. (Urdaburu.eus)

Goiz pasa egingo dute, eta Hernani eta Orereta artean ibiliko dira. Osteguneko 17:00ak baino lehen eman behar da izena, mendi elkartearen webgunean.

Ugaldetxo jatetxearen (Hernani) eta Barrengoloiaren (Orereta) arteko ibilbidea egingo du Indamendik datorren larunbatean, hilaren 22an. Tartean, Urdaburuko tontorra (599 metro) igoko dute. Goiz bueltako irteera izango da, eta guztira, 8 kilometroko ibilbidea osatuko dute, 530 metroko desnibel positiboa eta 380 metroko desniblel negatiboarekin. Hamaiketakoa eramatea gomendatu dute antolatzaileek.

Autobusa 08:00etan aterako da Patxita Etxezarreta kaletik (Kantauri plazako geralekutik). Arroan eta Zarautzen autobusa geratzeko aukera dago, beti ere, aurrez abisatuz gero indamendi1@gmail.com-era. Aldatzeko oinetakoak eramatea gomendatzen da, autobusa hainbeste ez zikintzeko.

Webgune bertatik eman daiteke izena, osteguneko 17:00ak baino lehen. Autobusa doan da, Zumaiako Udalaren laguntzari esker.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide