Araotzera irteera egingo du Indamendiko korrika sekzioak

Erabiltzailearen aurpegia Indamendi Mendi Bazkuna 2026ko martxoaren 9a

Indamendiko korrika sekzioko kideak, Aiako Harrira egindako irteeran. (Indamendi M.B.)

Inda Mendi mendian korrikak igande honetarako, martxoaren 15erako, irteera bat antolatu du. Oraingoan, Araotz – Mikelete – Andarto – Degurixa inguruko ibilbide zirkularra egingo dugu.

Ibilbidea Araotzeko auzo historikotik abiatuko da, eta lehen tartean Mikelete ingurura igoko gara, baso artean eta ur-kanal zaharraren ondotik. Handik, igoera sendoago bati ekingo diogu, Andarto aldera; Zaraia mendilerroko gailur horrek ikuspegi zabalak eskaintzen ditu eta inguruko kareharrizko paisaia ederki erakusten du.

Gailurretik behera eginez, Degurixa polje ikusgarrian sartuko gara: kareharrizko lautada handi eta berezia, inguruko mendiek erabat inguratzen dutena. Ingurune honek balio geologiko handia du, eta atseden hartzeko leku paregabea da. Ibilbideak pista zabalak eta bidezidorrak tartekatzen ditu, taldearentzat erritmo eroso eta jarraitua mantentzea ahalbidetuz.

Guztira, ibilbideak 19 kilometro inguruko luzera eta 784 metro inguruko desnibel positiboa izango ditu. Irteera honen helburua ingurunea ezagutu eta taldekideen arteko konpainiaz disfrutatzeko aukera eskaintzea da. Geldialdiak eta erritmoa taldearen dinamikara egokituko dira, momenturo bidea elkarrekin egiteko asmoz.

Hasiera punturaino kotxez joango gara. 08:00etan skate parkean (GKN eta Futbol zelai parean dagoen aparkalekuan) elkartuko gara. Kotxeak antolatzeko irteerara apuntatzen den jendearekin WhatsApp talde bat egingo dugu. 

Oharra: Aldatzeko arropa eta oinetakoak eramatea gomendatzen da, baita ura eta jateko zerbait ere. Izen-ematea Indamendiko webgunetik egingo da. Hala ere, edozein zalantza argitzeko WhatsAppez idatzi 666 37 74 42 telefonora.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide