Ekaitza

Erabiltzailearen aurpegia Iosu Alberdi 2018ko mai. 20a, 15:11

Eguraldia zertxobait aldatu behar dela iragarri dute. Halere, bada trumoiek zarataka jarraitzen dutela dioenik, kalera ateratzeko asmoa duenari tximisten beldurra kutsatu nahi dionik. Bere etxe inguruan bakarrik ikusten du, ordea, euria. Haizeak leiho horiek bakarrik jo izan balitu bezala. Hala defendatzen du, eguraldiaren iragarpenek lurralde osoa euri jasaren pean egon dela esan arren. Etxearen erosotasunean gustura dago, denboran luze dirauen ekaitzari so.

Bada barealdia iritsi dela dioenik ere. Zerura begiratzean eguzkia ikusten duela dio hark, dena amaitu balitz bezala. Neguak udaberriari txanda eman eta loreak ernaltzen hasiak balira bezala. Kalera irteteko dio, jada bustiko ez garela esanez. Hark, ordea, ez du mugitzeko imintziorik egin, hura ere gustura ikusten da etxean.

Bada, ordea, kalera irteteko gogoa adierazten duenik ere, etxean aspertu dena, baina bustitzeko beldurra igartzen zaio. Izan ere, zerura begiratu eta kolore ilunak ikusten ditu. Horri galdetu nahiko nioke. Ez al da eguraldiak gure bizitza bideratzeari uzteko garaia? Ez al da kalera irteteko garaia? Hori bai, aterkia eskuan dugula, euriak gogor astintzen jarraitzen baitu.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide