Bost minutu luze

Erabiltzailearen aurpegia Iosu Alberdi 2019ko mar. 1a, 15:54

Lagun batekin hitzordua jarria nuen, eta beti bezala metroa hartzera nindoan Madril zeharkatzeko. Hura da batetik bestera mugitzeko erarik azkarrena, baita galtzeko aukera gutxien ematen didana ere —Google Mapsen laguntzaz—. Bagoira sartu eta Espainiako banderak lepotik zintzilik zeramatzaten hiruzpalau lagun ikustean konturatu nintzen, ordea, zetorrenaz. Joan den otsailaren 10eko 11:30ak inguru ziren, eta zeharo ahaztua nuen ordu erdi geroago hastekoa zela PP, Vox, Ciudadanos eta eskuin muturreko beste hainbat taldek babestutako manifestazioa. Plaza betetzeko lanak izan arren, hainbat hedabiderentzat “herritarren aldarria” izan zen hura.

Nire geltokira iritsi —trena aldatu behar nuen— eta bagoitik atera nintzen, haiek guztiak atzean utziko nituelakoan. Baina koitadua ni. Badirudi geltoki hura Colón plazatik gertu dagoela —idearik ez nuen— , eta konturatzerako jendartearen erdian harrapatuta nengoen, piperpoto artean. Jendea ateratzen ari zen argazkietan ez agertzeko, burua makurtu eta aurkitutako zirrikitu guztietatik ihes egitea lortu nuen. Bost bat minutuko kontua izango zen, baina betierekoa egin zitzaidan.

Albisteak irakurtzean lasaitu nintzen, ez dira hainbeste ezberdin pentsatzen dutenak kartzelan nahi dituztenak. Halere, gehiegi dira, eta boterean daude.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide