Agian gehiegizkoa irudituko zaigu gazte haren ezjakintasuna, baina zer egingo zuen, bada, hark hura bazen kontinente hartaz jaso zuen ideia bakarra? Pelikulek eta eleberriek ez ezik, komunikabideek ere kontatu ziotena. Izan ere, hain da handia iritzi publikoan finkatzen diren errelatoen indarra. Eta, horrenbestez, norberarena inposatzeko nahia, bakoitzaren egia gizarte osoaren egia bihurtzeko helburuarekin.
Izan ere, errelato bakarrak garaile eta garaituak ezartzera darama, biktimak eta borreroak izendatzera. Finean, gu (onak) eta haiek (txarrak) ezberdintzera. Errealitateak, baina, baditu milaka aurpegi, gureak eta haienak. Hala, Ngoziren esanetan, "errelato bakarrari uko egiten diogunean, ulertzen dugunean inoiz inon istorio bakar bat ez dagoela, paradisu moduko bat berreskuratzen dugu".