Besteak

Erabiltzailearen aurpegia Iosu Alberdi 2022ko mai. 29a, 06:00

Martxo erdialdean, ordurako Ukrainatik ihesi ateratako herritarrak Euskal Herrira iristen ari zirela, Eusko Jaurlaritzak autobus batean sartu gintuen hainbat kazetari; besteak beste, Irunen errefuxiatuak jasotzeko martxan jarri berri zuten 55 Pabilioia eta urteak jardunean daramatzan Hilanderasko harrera zentroa erakusteko. Gobernu ordezkariak azken horretan zirela, baina, gure herria zeharkatzen duen beste errealitate batek jo zuen atea. Espainia hegoaldetik autobusean iritsi berri ziren Saharaz azpiko 32 migratzaile sartu ziren eraikinera.

Geltokitik zentrora arteko bidea Irungo Harrera Sareko kide batekin egin zuten. Solasean, gerora ere sarri entzun dudan galdera bera bota zuen: «Zergatik batzuei bai eta besteei ez?». Erakundeen erantzunaz, laguntzeko gogoez, ari zen. 

Galdera hark are oihartzun handiagoa izango zuen biharamunean. Ibrahima, besteetako bat, Bidasoa ibaia gurutzatu nahian desagertu zen. Haren gorpua ez zuten hiru aste igaro arte aurkituko. Ez da Ibrahima modu horretan bizia galdutako lehena. Urrunago joan gabe, azaroan Santiago zubian izan zen kazetari hau. Sohaiboren agurrean. Orduan ere eskaera bat: neurriak, “Bidasoa izenik gabekoen ibaia izan ez dadin”.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide