Apirilean, Bidasoan Gora

Erabiltzailearen aurpegia irakurrimatte 2022ko mar. 20a, 09:00

Apirilaren 5ean Bidasoan gora liburuaz hitz egingo dugu Eneko Aizpurua egilearekin. 2019an Tene Mujika beka jaso zuen saiakera honetan urak egiten duen ibiliaren kontra, ibaian gora abiatu da Eneko Aizpurua: Txingudiko badiako paduretan hasi eta Xorroxingo iturrian amaitu arte, bazterrik bazter ibiliko ditu Bidasoko urak eta lurrak, paisaiari eta pasaiariei beha.

Bidaiariaren gogotik eta begietatik igaroko dira aspaldiko kontrabando-istorioak eta migratzaileen trafikoarenak, Barojaren eta Aitzolen estualdiak gerra zibilean, naziengandik ihesi ibilitako juduen eta aire-pilotuen gorabeherak, Zabalzaren eta Lopezen fin gaiztoa Endarlatsan, mugalariak, baserritarrak, eruditoak, filantropoak, faxistak…

Begirada amultsu eta aldi berean zorrotza elkartzen ditu egileak, bizitakoaren lekukotasun zuzena eta irakurketa ugariek emandako jakituria, pasadizo xeheak eta gogoeta sakonak, guztiak egoki nahasturik liburu atsegin eta mamitsua osatzeko, berezi bezain gogoangarria.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide