Martxoaren 11n, McKenzie Wark

Erabiltzailearen aurpegia irakurrimatte 2025ko ots. 24a, 05:39

Irakurle-taldearen hurrengo saioan McKenzie Wark idazle australiar-estatubatuarraren Maitasuna eta dirua, sexua eta heriotza liburua izango dugu mintzagai, Danele Sarriugartek itzulia. Memoria ariketa bat da lana, eta, gutunez gutun, "transexualitatearen narrazio hegemonikotik" kanpoko kontakizuna eskaintzen du. Hitzordua Alondegiko Moila gelan izango da, arratsaldeko 18:00etan, eta edonor etor daiteke.

Australian jaio zen (Newcastle, 1961), eta unibertsitatean hamaika gai ikertu zituen Warkek; 40 urterekin, bizitokia New Yorkera lekualdatu, eta, 60 urterekin, genero trantsizioa egin zuen: joan-etorri horiei begira idatzitako testuek osatzen dute liburua.

Ibilbide arrakastatsu baten eta hogei urteko ezkonaldi baten ostean, bi seme-alabekin, McKenzie Wark-ek bizitza erdialdeko krisi sakon bat izan zuen: emakume trans gisa atera zen armairutik. Gizartean zuen rola eta gorputzaren itxura aldatzean munduarekin modu berri batean harremantzen hasi zen. Trantsizioak bere oroitzapenak ere aldatu zituen. Haren bizitzako pertsona nabarmenei idatzi zien orduan eta bizitzako gai handiez gogoeta egin zuen: maitasunaz eta diruaz, sexuaz eta heriotzaz.

Gutunen bidez bere haurtzaroko niari idatzi zion, bere amari, bere ama hildakoan amarena egin zuen ahizpari, maitaleei, kideei. Eta gutunen bidez bere iragana ernaldu zuen. Desira, politika, estetika, gorputza, aldarrikapena, zalantza, polizia,
aita. Idazteari esker amarekin lotzeko zailtasunari aurre egin zion, New Yorkerako migrazioaz pentsatu zuen, bere konbikzio komunistez aritu zen samurtasunez.

Material osagarria:

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu eta horretarako baimenak eduki behar dituzu. Sartu komunitatera!