San Telmoak alde batera utzi eta ostiral eguerdian irten ziren Itxas-Gaineko jubenil, senior eta beteranoak Avileseko Trasona urtegian asteburuan jokatuko zen espainiako 1000 metroko kopara. Arratsaldean iritsi eta lehenengo lana uretara irtetea izan zuten, bertako uretara ohitzeko.
K-1
Larunbat goizean K-1ekin hasi zen txapelketa. Iñigo Peñak final nagusirako sailkatzea lortu zuen bere finalerdian 2. sailkatuta, eta gauza bera egin zuen Irati Osak ere, 2. sailkatuta bere finalerdian junior mailan. Sailkatu ondoren finalen ordua iritsi zen; Iñigok oso erregularra dela erakutsi zuen berriro ere 2. sailkatuta, lehenengotik 0.289 segundura. Iratik berriz 7. postua lortu zuen joan den urtean K-2ko lagun izan zuen Ainhoa Hidalgoren aurretik.
K-2
Arratsaldean K-2ek jarraitu zuten txapelketa. Itxas-Gainek 2 K-2 zituen junior mailan. Lehenik eta behin erlojupekoa gainditu behar izan zuten, Imanol Barruetabeña eta Unai Gereka oso gustura joan omen ziren eta lehen postuan amaitu zuten proba hau. Bestalde Martin Egaña eta Unai Azkunek 14. postua lortu zuten eta beraz bi K-2ak final erdietarako sailkatzea lortu zuten. Lehen final erdian Unai eta Imanol 3. sailkatu ziren eta beraz final nagusirako txartela eskuratu zuten; bigarren finalerdian, berriz, Unai eta Martin 6. sailkatu ziren eta ondorioz B finalerako sailkatu ziren. Azkenik, eta larunbat arratsaldeari bukaera emateko, finaletan, Unai eta Martin 3. izan ziren eta Unai eta Imanol 6.
K-1 beteranoa
Igande goizean beteranoen txapelketarekin eman zitzaion hasiera txapelketari. 45-49 urteko kategorian hartu zuen parte Xabier Osak. Bere finalerdikoa irabazita sailkatu zen final nagusira eta bertan, 2. sailkatzea lortu zuen. Haizea izan zen protagonista, lehiakide batzuek arraunketa gelditu beharra izan zuten tarteka balantzari eutsi ahal izateko. Inoiz ez omen zuen ezagutu Xabierrek horrelako eguraldirik Trasonako urtegian, benetan egoera txarra omen zegoen.
K-4
Azkenik, espainiako kopari bukaera emateko K-4ek lehiatu zuten. Junior mutilek hau zuten objetibo nagusia eta talde sendoa dutela erakutsi zuten, berriro ere. Finalerdi zaila tokatu bazitzaien ere, 2. postuan final nagusirako sailkatzea lortu zuten Irungo Santiagotarraken atzetik. Finalean ordea, Irungoei muturra sartzea lortu zuten, baina oraingoan Sevillako taldea izan zen aurre hartu ziena. Hala ere, oso gustura daude lortutako postuarekin. Ez da gutxiagorako!
Taldea
Taldekako sailkapenean Itxas-Gain 16. sailkatu zen, 71 taldek parte hartu zutela kontuan izanik oso gustura gaude guztiok ere. Senior eta Junior mailan Euskadiko talde indartsuena izaten ari gara denboraldi hasiera honetan. Hurrengo txapelketa Euskadiko maratoia izango dute etxeko uretan maiatzaren 1ean. Iñigo Peñak berriz, Europako txapelketa izango du asteburu berean. Ea maila honetan jarraitzeko gai garen!