Asteburu garrantzitsua dator Itxas-Gainentzat

Erabiltzailearen aurpegia Itxas Gain Zumaia 2015ko mai. 14a, 13:14

Iñigo Peñak pistako Munduko Kopan parte hartuko du eta kadete, junior eta beteranoek Espainiako maratoi txapelketan.

Urte hasieratik egutegian markatuta zeuden egunak iritsi zaizkio Itxas-Gaini.

Batetik Iñigo Peñak pistako munduko kopan parte hartuko duelako. Aurtengo helburu nagusia Munduko txapelketan Olinpiar jokoetarako txartela lortzea du eta horretarako test garrantzitsua izango da munduko kopa hau. Portugalgo Montemor o Velho herrian jokatuko da eta Iñigok osatzen duen K4arekin batera, etxean jokatuko duen K4 portugaldarra dira faborito nagusiak. Iñigo Peñak brontzezko domina lortu berri duen Europako txapelketan portugaldarrak bigarren sailkatu ziren baina oso tarte txikiarekin. Ea oraingoan aurre hartzeko gai diren.

Bestalde, kadete, junior eta beteranoek Pontevedran dute hitzordua, Espainiako maratoi txapelketan. Hauentzat urteko helburu nagusia da, bertan jokatzen baitira Europako eta Munduko txapelketetara joateko txartelak. Aurreko urtean bezala Unai Gereka eta Imanol Barruetabeñak irabaztea izango dute helburu. Hauez gain, kategoria berean, Unai Azkune eta Martin Egañak ere aurrera pausu bat eman dutela erakutsi nahi dute. Txartelak bi itsasontzirentzat daudela kontuan izanda, ea bi txartelak etxera ekartzea lortzen duten.

Irati Osa larunbatean K1an saiatuko da txartela lortzen eta ondoren igandean K2an, joan den urtean bezala, Barrikako Ainhoa Hildagorekin. Hemen ere bi txartel daude jokoan eta beraz ea lehen bi postuetan sailkatzea lortzen duen.

Kadeteetan maila internazionaleko txapelketetarako txartelik jokatzen ez den arren, ahalik eta paperik txukunena egiten saiatuko dira Amaia Ortiz de Zarate eta Helene Carmona K2an; Mikel Casquero eta Xabier Altadil K2an; eta Felix Uranga K1an.

Beteranoetan ere txartelik jokoan ez dagoen arren, Xabier Osak joan den urtean lortutako garaipena errepikatzea du helburu K1an larunbatean. Igandean berriz, Vicente Royorekin K2a egingo du eta ea zer egiteko gai diren.

Zorte on guztiei!!

 

 

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide