Sei domina lortu ditu Itxas-Gainek asteburuan

Erabiltzailearen aurpegia Itxas Gain Zumaia 2015ko mai. 19a, 09:13

Unai Gerekak, Imanol Barruetabeñak eta Irati Osak urrezko domina lortu dute Espainiako Maratoi Txapelketan –K2an, Osa Barrikako Hidalgorekin–, eta Europako eta Munduko txapelketetan parte hartzeko aukera lortu dute.

MUNDUKO KOPA

Iñigo Peñak 2. Postua lortu du asteburuan Portugalen jokatu den munduko kopan. Fruitu oso onak lortzen ari da Iñigo partaide den Espainiako selekzioko K4a. Joan den urtean Milanen jokatu zen munduko kopan lehen postua lortu zuten, ondoren Munduko txapelketan ezbehar baten ondorioz dominen lehiatik kanpo geratu ziren; Aurten berriz, Europako txapelketan brontzezko domina lortu zuten eta asteburu honetan zilarra munduko kopan.

Atzetik aurrerako lasterketa bat egin zuten. 750 metro faltan Espainiako beste K4tik ia segundo batera pasa ziren, 250 metroren faltan berriz 0,7 segundora. Orduan aldatu zuten erritmoa eta Espainiako beste K4a gainditzea lortu zuten, baina izugarrizko azken txanpa egin zuten australiarrek lortu zuten azkenean garaipena.

Bestalde, 5000 metroko lasterketan ere hartu zuen parte K1ean eta  seigarren postuan sailkatu zen. Lehen itzulia lasterketaren buruan egin zuen arren, garaipenerako faboritoetako bat zen Fernando Pimenta portugaldarrak beste hiru lehiakiderekin ihes egitea lortu zuen eta Iñigo kubatarrarekin geratu zen. Lasterketa elkarrekin amaitu zuten baina bukaeran kubatarra azkarragoa izan zen. Hala ere emaitza ona dela esan beharra dago, K4ko lasterketatik ez baitzuen denbora gehiegirik izan errekuperatzeko.

Helburu nagusia abuztuan jokatuko den munduko txapelketan du, bertan jokatzen baitira Olinpiar jokoetarako txartelak eta dirudienez K4ko kideak bide egokian ari dira lanean. Ea orduan beste poz bat emateko gai den Iñigo.

 

ESPAINIAKO MARATOI TXAPELKETA

Larunbat goizean-goiz hasi ziren Pontevedran Espainiako maratoi txapelketako K1eko lasterketak. Bertan Irati Osak hartu zuen parte eta lan oso ona egin zuen. Lehen itzulian buruan zihoan taldea galdu zuen eta ondoren izugarrizko bakarkako lana egin zuen buruko hirukotearekiko distantziak mantenduz. Lehiaketaren amaierara iristen ari zirela bi lehiakidek egin zuten aurrera eta Irati hirugarreneraino iritsi zen. Azken ziabogan ordea, elkar ukitu ziren eta zoritxarrez Irati irauli egin zen, azkenean 5. postuan helmugaratuz.

Arratsaldean kadeteen lasterketak izan ziren. Mikel Casquero eta Xabier Altadilek osatutako K2ak zailtasunak izan zituzten irteeran, baina burua hotz lasterketa ona egitea lortu zuten, azkenean 10. Postuan sailkatuz. Amaia Ortiz de Zarate eta Helene Carmonak ere oso lasterketa ona egin zuten. 3. Postuaren lehian ibili ziren baina azkenean 4. Postuarekin konformatu behar izan zuten. Bestalde, Felix Urangak K1ean 24. Postua lortu zuen.

Kadeteen ondoren, Xabier Osa beteranoaren txanda iritsi zen. Honek, joan den urtean lortu zuen garaipena berriro ere lortzeko helburua zuen eta ez zuen hutsik egin. Irten ordurako errenta nabarmena lortu zuen atzeko taldearekiko eta lasterketak aurrera egin hala errenta hori handitzen joan zen azkenean garaipen garbi bat eta lehen urrezko domina lortuz.

Igandean K2 juniorren eta beteranoen ordua iritsi zen. Hauek helburu oso garbiak zituzten lehiaketan. Lehen bi lehiakideentzat Europako txapelketarako txartelak zeuden jokoan, eta irabazlearentzat horrez gain, baita Munduko txapelketarakoak ere. Ez zuten hutsik egin; Unai Gereka eta Imanol Barruetabeñak hasieratik erakutsi zuten indartsuenen taldean lehiatzeko gai zirela. Lehen garraiatzean ia lasterketa osoan aurrera joango zen laukote bat osatu zuten. Irungo K2ak matxura bat izan ondoren hirukote batek egin zuen aurrera eta geroago bi itsasontzi geratu ziren buruan. Azken metroetan Itxas-Gaineko bikotea gailendu zen eta Espainiako maratoi txapeldun izendatu, beste urrezko domina bana irabaziz eta eurentzat garrantzitsuena den Europako eta Munduko txapelketetarako txartelak lortuz.

Helmugan sartzen hurrengoak Martin Egaña eta Unai Azkune izan ziren 5. Postuan. Aurrera egin zuen laukotea behin baino gehiagotan ia harrapatu zuten arren azken metro horiek falta izan zitzaizkien taldean sartzeko. Hauek ere txartelak zituzten helburu, zergatik ez, urte oso onak daramatzate lanean eta indartsu ikusten ziren. Eurek ere bazekiten oso zaila izango zela baina gerra emateko prest zeuden. Europako txapelketara joateko aukera galdu dute baina Munduko txapelketarako geratzen den txartela borrokatzea izango dute helburu orain, Banyolesen jokatuko den hautatze lasterketan.

Emakumezkoetan Irati Osak, joan den urtean bezala, Barrikako Ainhoa Hidalgorekin egin zuen K2a eta hauek ere garaipenarekin egin ziren. Lasterketaren lehen zatian hiru itsasontzik egin zuten aurrera, baina Iruñako K2a larri zihoan eta atzera egin zuten lehiaketa buruan Iratiren K2ak eta Cuencakoek aurrera eginaz. Azken aurreko garraiatzean jo zuten erasoa Irati eta Ainhoak eta metro garrantzitsu batzuk hartzea lortu zuten helmugaraino mantenduko zituztenak. Hauek ere, urrezko dominaz gain, Europako eta Munduko txapelketarako txartelak lortu zituzten.

Azkenik, Xabier Osa eta Vicente Royo beteranoen K2ak irteera kaxkar baten ondoren erritmo jarrai bat ezarri zuten lasterketa osoan zehar eta azkenean 3. postuan helmugaratzea lortu zuten atzetik aurrerako lasterketa polit bat eginaz.

Itxas-Gain harro dago bere kirolariek lortutako emaitzez eta guztiak zoriondu nahi ditu lortu dituzten emaitzengatik, baita emaitza horiek lortzea posible egin duten entrenatzaile, masajista eta gurasoak; eta orain arte egin duten bezala lanean jarraitzera animatzen ditu denboraldia borobiltzeko bidean. Eskerrik asko!

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide