Taldeko jubenil, senior eta beteranoak Sevillan izan ziren martxoaren 16-17an Neguko Espainiako Txapelketan, eta kadete batzuk, aldiz, Cadizen, martxoko azken asteburuan. Txapelketa hauetan bakarka (K1) lehiatu ziren 5.000m-tako distantzian. Emaitza bikainekin itzuli ziren guztiak eta hauen artean, aipatzekoak dira Sevillan Irati Osaren emakumezkoen Sub-23 mailan lortutako hirugarren postua, beterano mailan Xabier Osa-k lorturiko bigarren postua postua eta nola ez, Iñigo Peñak senior mailan lorturiko bosgarren postua.
Jarduerek ez dute etenik eta asteburu honetan ere Asturiasen izan ziren, Avilesko Trasona urtegian, Espainiako Pistako Kopako frogan eta bertan emaitza bikainak lortu zituzten berriro ere. Halaber, K4 senior mailan, Iñigo Peña, Martin Egaña, Xabier Osa eta Unai Azkunek osaturiko ontziak estatuko onenen parean daudela erakutsi zuten. 1.000 metroko frogan iazko brontzea ezin izan zuten berretsi baina bosgarren postuan amaitzea lortu zuten. Horren ondoren 500m tako frogan lehiatu ziren lehenengo aldiz. Normalean bertan parte hartzen duten kirolariak oso esplosiboak direla esango genuke, eta nahiz eta K4 zumaiarraren doaietako bat esplosibitate hori ez izan, elkarren artean ongi koordinatu eta estatuko onenen parean egoteko gai direla erakutsi dute, brontzezko domina eskuratuz.
Bertan, K1 mailan, Iñigo Peñak momentu zoragarri batean dagoela erakutsi zuen baita ere, 1.000 metrotako lehiaketan brontzea lortuz.
Gainera, Iñigok, aurreko astearte, asteazken eta ostegunean lehia internazionaletarako sailkapen frogak izan zituen eta bertan, K1 1.000 mailan, hirugarren iritsi zen eta K2 1.000 mailan, berriz, garaipena lortu zuen bere ontzikide Paco Cubelosekin batera. Emaitza hauekin maiatzaren 31 eta ekainaren 2 bitartean Alemaniako Duisburgen jokatuko den Munduko Koparako eta Europear jokoetarako sailkapena eskuratu ditu.
Irati Osak ere parte hartu zuen Trasonan. Sevillan lortutako brontzearen ostean, maila izugarrian jarraitzen duela erakutsi digu 21 urteko zumaiar gazteak. Trasonan ere bakarka (K1) aritu da emakumeen maila absolutuan (senior mailan) 500 metrotan lehiatuz. Guztira 21. postua lortu du eta 23 azpiko emakumeetan aldiz bederatzigarren postua. Espainiako selekzioko hainbat partaideri aurpegia eman diola ikusteak maiatzean jokatuko den lehiaketa internazionaletarako sailkapenean parte hartzera bultzatu du Irati, bertan Europako eta Munduko txapelketetara joateko txartelak daudelarik jokoan. Bertara joaten diren neska asko kontzentraturik egoten dira selekzio bezala eta aipatzekoa da Irati Osak etxean entrenaturik beraien pare ibiltzeko doaiak dituela
Itxas-Gain taldea Estatu mailako goi mailako frogetan emaitza bikainak lortzeaz gain, harrobia ere lantzen jarraitzen du eta horregatik, larunbat honetan, apirilak 13, elkarteko gaztetxoenek Zumaian Eskola Kirolako froga izango dute goizeko 11etan eta gonbidapena luzatzen die herritarrei gaztetxoenei animoak eta bultzada ematera joateko.