Dagoeneko Alemanian da Iñigo Peña, ostiraletik aurrera Duisburg hirian jokatuko den Munduko Kopan hartuko baitu parte Paco Cubelos bere ontzikidearekin k-2 1.000 metrotan.
Munduko Kopa hau jokatzen direnetatik garrantzitsuena eta mailarik altuenekoa da; herrialde guztiek test nagusi moduan hartzen dute eta Munduko Txapelketara begira taldeak finkatzeko erabiltzen dute.
Peña eta Cubelosen helburua lehengo seiren artean sartzea izango da, horrela Munduko Txapelketako txartela ziurtatu eta bertako zita lasaitasun osoz prestatu ahal izateko. Baina, beraien maila ikusita argi dago dominen lehian izango direla.
Ostiralean kanporaketak jokatuko dituzte , larunbat eguerdian finalaurrekoa, eta, sailkatuz gero, igande goizean finala.
Arerio nagusienak etxekoak, alemaniarrak, izango dira, joan den asteko Poznaneko Munduko Kopa irabazi berri dutenak.
Bestalde elkarteko beste kideek ere asteburuan lehiatzeko aukera izango dute.
Larunbatean Bilbon BBK Saria izango da. Proba hau Espainiako Liga barruan dago eta Espainia osoko 1.200 piraguista espero dira bertan.
Itxas-Gainekoak infantiletatik hasi eta senior-beterano arteko mailetan lehiatuko dira larunbatean goizez eta arratsaldez jokatuko diren frogetan.
Bizkaitik mugitu gabe, igande goizean, Barrikan izango dute beste hitzordua 12 kilometro Barrikako Igoera-jaitsieran.