Itxas-Gainek bost garaipen ekarri ditu Euskadiko Neguko Txapelketatik

Erabiltzailearen aurpegia Itxas Gain Zumaia 2020ko mar. 3a, 20:00

Argazkia: Valer Carballo

Itxas-Gain taldeko neska-mutilek hasi dute piraguismo denboraldi berria. Pasa den astean Zumaian jokatutako Gipuzkoako txapelketari segida emanez, asteburu honetan Bidasoa ibaiko uretan jokatu den Euskadiko Neguko Txapelketan izan dira.

Bertan emaitza bikainak lortu dituzte, horren erakusle da bost garaipen erdietsi dituztela jokatutako kategoria ezberdinetan. Taldeka bigarren izan dira Irungo Santiagotarrak taldearen atzetik.

Aipatzekoa da Iñigo Peñak ere parte hartu duela. Urtea Madril eta Sevillan kontzentratuta ematen du joko olinpikoak prestatzen, baina jardunaldi honetarako Espainikako federazioaren baimena zuen taldearekin parte hartzeko eta garaipenak ez zion ihes egin.

Irati Osak ere, bere kategorian, erakustaldi bikaina eman zuen; sasoiko dagoela erakutsiz garaipen erosoa lortu zuen.
Beste hiru txapelak beterano mailan etorri ziren, Xabier Osak, Jon Lazkanok eta Maite Etxabek beraien kategorietan irabazita. Zilarrezko domina bat ere lortu zuten, Izaskun Gonzalezek lortutakoa.

Dominekin bukatzeko, brontzezko lau lortu ditu Itxas-Gainek: Martin Egañak senior mailan, Unai Azkunek eta Sara Rezolak 23 urtez azpikoetan, eta Ane Zallak kadeteetan.

Taldeko beste kideen lanari esker ere, ItxasGainek taldekako bigarren postua eskuratu zuen.

Taldeak lanean jarraitzen du martxoko bigarren astean jokatuko den Espainiako txapelketari begira. Aurretik, taldeko kide batzuek asteburu honetan Plentziako uretan jokatuko den Bizkaiko Txapelketan ere parte hartuko dute.

Beste alde batetik etxeko txikitxoek (infantilek eta alebinek) larunbatean Zumaian estropada eduki zuten, eguraldi kazkarrari aurre eginez.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide