COVID-19a dela eta Irati Osa Europako Txapelketarik gabe geratu baldin bada, aurrera jarraitzen du Munduko Surfski Txapelketak, eta proba Lanzaroten igandeko 11:00etan hasiko da emakumezkoen txandarekin. Hamar minutu beranduago mutilen txanda izango da: 26 herrialdetako 300 partaide lehiatuko dira.
Baldintzak mutur-muturrekoak izango dira, azken bi egunetan Zumaiko piraguistek bertatik bertara ziurtatu ahal izan duten bezala, haize handia dabilelako eta tarteka haize ufada bortitzak dituztelako.
27 kilometroko proba da, eta lehen sei kilometroak izango dira txarrenak, alboko haizea eta kostatik erreboteko olatu handiak espero direlako. Hori igarota, helmugara arte Itxas-Gaineko piraguistek esperientziaz gozatzeko aukera izango dute Kantauri itsasoan ez ditugun baldintza bikain horiekin.
Proba streamingez jarraitu ahalko da ICF webgunean edo parte hartzaileek soinean eramango dituzten tracken seinaleak jarraituz.