Zilarrezko bi dominarekin eta brontzezko batekin itzuli dira piraguistak Espainiako Txapelketatik

Erabiltzailearen aurpegia Itxas Gain Zumaia 2021ko abu. 30a, 17:33

Asteburu honetan Verducidoko urtegian (Pontevedra, Galizia) maratoiko ligako hirugarren txapelketa jokatu da; maratoi motzekoa, alegia. 3,8 kilometroko proba jokatu dute bertan, tartean bi emanaldi izanda.

Itxas-Gainetik bost kide joan dira. Beteranoen sailkapenean, Xabier Osak bigarren amaitu zuen aurrenengoarekin sprintean iritsiz. Bere alaba Irati Osak ere zilarrezko domina etxeratu zuen emakumezko seniorretan, Eva Barrios izen handiko piraguistarekin urrearen borroka izanda. Kategoria berean, seniorretan, Martin Egañak brontzezko domina eskuratu zuen; lehen hiru sailkatuak amaierara elkarrekin iritsi ziren.

Jubenil mailan, aldiz, Haritz Aizpurua 17. izan da maila handiko txapelketa burutuz. Julen Albizuk, ordea, ez zuen finalera pasatzerik izan.

Argi dago klubean egiten ari diren lana bere fruituak ematen ari dela, eta emaitza bikainak lortuta datoz etxera.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide