Itxas-Gain taldeko infantil eta kadeteak Espainiako txapelketan lan txukuna eginda bueltatu dira.
Pasa den asteburuan Sevillan jokatu zen infantil eta kadeteen neguko Espainiako txapelketa. Bertan Martin Egañak prestatutako Zumaiako zortzi neska mutil lehiatu ziren.
Ostiralean, teorikoki, bidaia lasai bat izan behar zuen, baina elur eta kazkabar erasoei aurre egin behar izan zieten Sevillara iristeko. Behin bertan izanda, txapelketa prestatzeko ur saio txiki bat egin zuten.
Txapelketa kadeteen finalaurrekoekin abiatu zen larunbat goizean. Finalaurreko hauek 3.000 metroko distantzian jokatu ziren. Bi finalaurreko jokatu ziren, eta bakoitzean 75 partaidek jokatu zuten finalerako txartela. Lehendabiziko 30ak eta bi txandetako hurrengo 10 denbora onenak sailkatzen ziren finalerako.
Lehendabiziko saio honetan, Josu Lazkanok zorte txarra izan zuen, ziaboga batean pilaketa batean kaltetua izan zelako eta 20 segundorengatik ezin izan zuen finalerako sailkatu. Asier Aizpuruak (16) eta Xabat Bergarak (32) zorte hobea izan zuten eta finalerako txartela lortu zuten.
Larunbat arratsaldean infantil neskek eman zioten jarraipena txapelketari. Lasterketak 3.000 metroko distantzian jokatu ziren.
Ana Marinenak 16. postu bikain batean amaitu zuen estropada, Maddi Uzkudun 39. eta Izar Iruretagoiena 59. izan ziren.
Eguna amaitzeko, infantil mutilek jokatu zuten beraien finala. Hauek ere 3.000 metroko distantzian.
Oihan Irizar eta Julen Arakistainek nahikoa izan zuten estropada amaitzearekin, bertan ikaragarrizko partaidetza baitzegoen, eta ez da batere erraza baldintza hauetan lehiatzea. Azkenean, Oihanek 103. eta Julenek 121. postuetan amaitu zuten estropada.
Aipatzekoa, Izar, Oihan eta Julenenentzako lehendabiziko estatu mailako txapelketa izan zela eta estropada jendetsu hau esperientzia hartzeko baliogarri izan zitzaiela.
Igandean, eguraldi baldintza gogorrekin jokatu zen kadeteen finala.
Antolakuntzak arazo ezberdinak izan zituen eta irteera emateko orduan Itxas-Gain taldekoak kaltetuak suertatu ziren. Eragozpenei aurre egin eta txapelketari amaiera emateko gauza izan ziren hala ere; Asier Aizpuruak 56. eta Xabat Bergarak 58. postuetan amaitu zuten.
Emaitzak:
Infantil neskak
- Ana Martinena - 16
- Maddi Uzkudun - 39
- Izar Iruretagoiena - 59
Infantil mutilak
- Oihan Irizar - 103
- Julen Arakistain - 121
Kadete mutilak
- Asier Aizpurua - 56
- Xabat Bergara - 58
- Josu Lazkano - 49 (finalaurrekoan)